Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

Agota Kristof, hizkuntza-minak bizitza apurtzen duenean

Hamaika atal labur, bere bizitzako une erabakigarriak jasotzeko. Eta tartean, Agota Kristofek betiko sufritu zituen herrimina eta ama hizkuntzan idatzi ezina. Eskarne Mujikak itzuli du euskarara «Analfabetoa idazle», hungariarraren «liburu laburra eta liburu handia».

Herriminak eta ama hizkuntzan idatzi ezinak sufriarazi zuten Agota Kristof (1935-2011) egilea bere Hungaria maitea atzean utzi eta Suitzan, atzerrian, bere jaioterria ez zen hartan, hil zen arte. Haurtzaroa izan zuen arorik zoriontsuena. Lau urte baino ez zituela deskubritu zuen eulia armiarma sarean bezala betiko harrapatuko zuen zaletasuna: irakurketa. Geroztik, beti izan zituen liburuak bidelagun, baita idazketa ere. Literatura izan zuen oxigeno.

Hamalau urterekin hiri batera joan behar izan zuen, estalinismoak gazteak doktrinatzeko sortu zituen barnetegietako batera. Lau urte eman zituen han, non ezagutu zituen libertaterik eza, lehen hizkuntza arrotz inposatua, alegia, errusiera, familiaren sakabanaketa eta diziplina militarra. Ezkutuan eta ahal zuen guztietan irakurri egiten zuen eta idazketa sekretu batez poemak osatzen zituen iragan galduari buruz. Hantxe ezagutu zuen pobrezia galanta eta sos batzuk edo jan apurren bat lortzeko esketxak idatzi zituen, gero barnetegian eta eskolan antzezteko bizpahiru lagunekin.

Haren biografiaren printza hauek eskaini ditu Eskarne Mujikak, laugarrenez Agota Kristofen lan bat euskarara ekarri duen itzultzaileak. “Analfabetoa idazle” (Alberdania) narrazio autobiografikoaren itzulketak ekarri du lehen lerrora; aurretik, ordea, euskaratu dizkio arrakastaz “Koaderno handia”, “Atzo” eta “Berdin dio” lanak.

Kristof barnetegitik irtendakoan alfonbrak tindatzeko fabrika batean hasi zen lanean, baina ez zion poemak idazteari utzi eta literatura-aldizkari hungariar batean argitaratu zituen zenbait. «Ezkondu egin zen oso gazterik garai hartan, eta handik gutxira herria gobernuaren eta komunisten aurka altxatu zen, baina sobietarrek matxinada eragotzi zuten eta berehala etorri zen jazarpena. Hildako ugari eta jende asko Sobiertar Batasunera deportaturik. Senarra atxilo hartuko zuten beldurrez, bikotea alabatxoa hartuta Austriara joan zen. Ihesa, muga», kontatu du Mujikak. Gero ailegatu ziren Suitzara, betirako bizileku izan zuten herrialdera.

Ez zen sekretua: Altzairuzko Oihalaren alde honetan lehen urteak «oso zailak» egin zitzaizkion, dena zitzaion arrotza. «Deserriak zauri sakona egin zion, deserroturik sentitzen zen, familia galdu zuen, herri baten parte izateari utzi zion, ezin zen bere hizkuntzan bizi, erdibituta gelditu zen betiko, iraganaz gabetua», kontatu du itzultzaileak, bere idazketa ulertzeko inportantea dela sinetsita.

Esaldi sinpleak eta zehatzak erabiltzen zituen Kristofek, eta narrazio autobiografiko hauetan ere hala egin zuen. Esaldi biluziak, non apenas dagoen deskribapenik eta adjektiborik. «Eta, hala ere, hunkipena eragiten du, zeren tonua hain da indartsua…». Herrimina eta iraganarekiko nostalgia gainditu ahal izateko idazten hasi zen babesa hartu zuen herrialdeko hizkuntzan, frantsesez, bere bizitzan «jasan» zuen bigarren hizkuntza inposatuan, hain zuzen.

 

Hizkuntzaz, bestelako begirada bat

Kontakizun autobiografikoa bada ere, genero honen bitartez eramaten du egileak irakurlea hizkuntzaz hausnartzera ohikoak ez diren zirrikituetatik. Eta hortxe du balioa, besteak beste, Anjel Lertxundiren ustez. «Ohituta gaude, hizkuntzaz ari garenean, ikuspegi politikotik, soziolinguistikatik edo hizkuntzalaritzatik hitz egiten. Are gehiago, euskara bera tarteko denean». Baina oso bestelako ikuspegia da emakume honek “Analfabetoa idazle” lanean ematen duena, «literaturaren barrutik heltzen baitio hizkuntzen arteko dialektikari eta, adibidez, alemana, errusiera edo frantsesa bera ‘hizkuntza etsaitzat’ definitzen dituenean, literaturagile baten ikuspegitik egiten du gogoeta, ez jarrera politiko edo soziologiko edo soziolinguistiko batetik».

Lertxundiren aburuz, «oso bakanetan egokitu zaigu hizkuntz aldaketaz eta ama hizkuntzaren galeraz hain jardun gordin eta aldi berean literarioa irakurtzea. O.L.