Haritz LARRAÑAGA
KANBO

Bosgarren kolegioa ireki ahal izateko «Boga» kanpaina abian eta, ahal bada, Herri Urrats maiatzaren 9an

Iaz, «erabaki gogorra» hartu behar izan zuen Seaskak, covid-19aren pandemiak bultzatuta Herri Urratseko 37. edizioa bertan behera utzi behar izan baitzuen. «Aurten nolako Herri Urrats aurreikusten ahal dugun, ez dakigu», aitortu zuten Seaskako ordezkariek Kanbon egin zuten agerraldian, baina «ahal den neurrian, baimendua izanen denaren arabera, maiatzaren 9an Herri Urrats ospatuko» dela jakinarazi zuten.

Edonola ere, aurtengo lema, abestia eta helburua jada ezarriak dira. «Boga» da lema, «arraunean bezala, Herri Urrats elkartea, ikastolak eta Seaska elkarlanari esker aitzina baitoaz». Abestiari dagokionez, Zuberoako Xiberoots musika taldeak sortu eta grabatuko du otsailean. Eta bitartean, bosgarren kolegioa eraikitzeko “Boga” kanpaina abiatu du Seaskak. Horrela, Boga.herriurrats.eus atariaren bitartez edonork diruz lagundu ahal izango du elkartea.

Iazko irailean kolegioetan mila ikasleren langa gainditu ostean, datozen bost urteetan kolegioetako ikasle kopurua %30 igoko dela aurreikusten du Seaskak. «Bosgarren kolegioa behar dugu lehenbailehen, Azkaine eta Senpere inguruan edo barnealdean, Hazparneko eskualdean», adierazi zuen Peio Jorajuria Seaskako Lehendakariak.

Kolegio berria non izango den esateko goizegi den arren, jada «pista konkretuak» badituztela eta «ikerketa fase teknikoan» direla azaldu zuen Jorajuriak, eta hau gaineratu zuen; «espero dugu maiatzaren 9an argitara eman ahal izango dugula kolegio berria non izango den».