A. G.
FIBA CHAMPIONS LEAGUE

Ezertarako aukerarik gabe amaitu da Bilbao Basketen Europako txangoa Turkian

PINAR KARSIYAKA 85

R. BILBAO BASKET 76

 

Beste urte batean izan beharko da, aurtengoak egin baititu jada Bilbao Basketerentzat Europan. Gutxienez 10 puntuko aldearekin irabazi behar zion talde bilbotarrak Pinar Karsiyakari –edo 9koaz, baldin eta 82 puntu egiteko gauza bazen– F multzoko bigarren postuan amaitu eta hurrengo fasera pasatzeko. Baina ez zuen inolako aukerarik izan, talde turkiarrak bigarren laurdenetik aurrera partida nahieran eraman zuelako.

Eskerrak eta dena eman beharko dizkiote Alex Mumbruk eta bere taldeak turkiarrei; izan ere, 25 puntuko aldea ere izan zuten hirugarren laurdenean, eta, nahi izan balute, sekulako jipoiarekin amaituko zen partida. Azken laurdenean, ordea, etxekoek irabazitzat jo zuten dema eta bilbotarrei markagailua dezente itxuratzeko parada eman zieten. Ez dezala inor engainatu 85-76ko azken emaitza duinak: Pinar Karsiyaka askoz gehiago izan zen.

Bigarren laurdenaz geroztik, kito

Aurreneko hamar minutuetan bai izan zirela lehiakorrak bizkaitarrak. Puntu bakar bateko aldeaz bada ere, aurretik ere jarri ziren tarte batzuetan markagailuan eta, azken segundoko saskiratze bati esker, 20-19 amaitu zen aurreneko laurdena.

Serio jokatzea zuten helburu bizkaitarrek eta batez ere Alex Reyesen eskutik egin zuten hori. Baina, bigarren laurdenaz geroztik, kito. Pinar Karsiyakak 14-2ko partziala erdietsi zuen eta azukre koxkor baten moduan urtu ziren bizkaitarrak. Morgan eta Taylor nola geratu asmatu ezinik ibili ziren eta baloi bat baino gehiago oparitu zituzten.

Hala ere, atsedenaldiko 44-30 emaitza ez zen txarrena izan, hirugarren laurdena baizik. Amaith M’Baye hegaleko frantsesak lau hiruko segidan sartu zituen eta jaun eta jabe izan zen une oro kantxan. Mumbrurenek ez zekiten M’Baye nola geratu eta aldea 25 punturaino zabaldu zen: 71-46. Eskerrak azken minutuetan errukitu egin zirela etxeko jokalariak!