IKer GURRUTXAGA
DONOSTIA

Atlantikoaren bi aldeak elkartuta, UR taldearen «Baleak» agertu da

Azkoitiko, Rio de Janeiroko eta Zarauzko musikariak elkartu eta sortu da UR proiektu musikala. Estilo asko jorratzen dituzten arren, funkya da protagonista nagusia. Euskaraz zein ingelesez abestutako bederatzi kanturekin osatu dute «Baleak» debuteko diskoa. Lana, digitalean, entzungai dago euren webgunean. Diskoa euskarri fisikoan ateratzea ez dute baztertzen, baina, onartu digutenez, «kontzerturik gabe diskoa ateratzea zerbait exotikoa dela esan daiteke».

Konfinamendu garaian sortzeko beharrizana izan zuen Urtzi Azkuek eta, pixkanaka-pixkanaka kantuak konposatu ondoren, taldea osatzen hasitakoan batu zitzaizkion David Gorospe bateria jotzailea eta Andre Canto e Mello baxu jotzailea. «Etxean estudio bat dut eta nire burua askatu eta konfinamenduari aurre egiteko balio izan zidan konposaketa garaiak. Kantuen oinarriak sortu nituen orduan eta gero proiektuari forma emateko eta zuzenera eramateko Andre eta David sartu ziren. Estilo berdintsuetan jo izan dugunez, abestiak bidali, haiek entzun eta baietz esan zidaten», kontatu digu UR taldeko gitarra jotzaile eta abeslariak. “Baleak” izena du taldearen lehendabiziko lanak eta funkya, soula edota rocka entzun daitezke bertan.

Andre Canto e Mello brasildarra da, Rio de Janeirokoa, eta 2006an iritsi zen Euskal Herrira. Funky musika asko sortzen da Rioko eszenan: Tim Maia edota Black Rio bezalako erreferentziak izan zituzten 70eko eta 80ko hamarkadetan. «Bertakoa izanda funky musika entzunez hazi nintzen. Horrez gain, beti gustatu izan zaidan musika mota da», kontatu digu. AEBetako funkytik edan du Azkuek, baina baita Europa iparraldeko gisa horretako taldeetatik ere: «Bigarren Mundu Gerraren bueltan amerikarrek bertan baseak jarri zituzten eta han sortu zen Europa iparraldeko funky mugimendua. Brasilgoari buruz, berriz, Andreri esker ikasi dut zerbait. Askotan nahikoa itxiak gara eta ez nuen uste Brasilen musika estilo gehiegi jorratzen zirenik bossa novaz aparte».

“Waiting in the dark” kantuak Two Door Cinema Club edota Daft Punk bezalako taldeak ekartzen ditu burura. Elektronikak pisu dezentea du eta Azkuek hartu du sintetizadoreak jotzeko ardura. «Aipatu moduan, Daft Punk edota Jamiroquai bezalako artisten eragina dut. Soinu desberdinekin probatzea gustatzen zait eta prophet izeneko sintetizadorearekin probak egin eta gero sortu den koktel horretatik atera da kantua», aipatu du Azkuek. Gauzak horrela, zuzenekoetarako laugarren kide bat batuko zaie, oholtza gainean sinteak sartzeko.

Baxua akaso lehen lerroan entzuten ez den arren, presentzia handia duen instrumentua da funkyan. Andre Canto e Melloren ustez, «musika mota honetan presentzia handia du eta gozagarria da baxu jotzaile batentzat funkya jotzea. Beste estilo batzuetan akaso itzalita dagoen instrumentua da eta funkyan ez da hain ezkutuan geratzen. Hori oso garrantzitsua da baxu jotzaile batentzat».

Rhythm and bluesa, soula, rock klasikoagoa edota pop-rocka entzun daitezke UR taldearen kantuetan. “Berriz” kantuan, esaterako, pop rocka nagusitzen bada ere, erritmoekin jolasean aritu dira. Musikarekin jolastea maite dute. «Kantu honek bizizaletasunaz hitz egiten du. Parrandaz eta atzetik etortzen den aje guztiaz. Adin batetik aurrera ez da gauza bera parrandan irtetea eta hori ere kontatu nahi izan dut! Azkenean, izaten da ba sekulako parranda egin eta esatea, ‘egin dut berriz ere’… Bada hori da kontatzen dudana. Noski, hurrengo eguna batzuetan astebetera edo bira luzatzen zait egun, baina, hala ere, faltan botatzen dut!», esan digu Azkuek.

Diskoan zehar asko aldarrikatzen den kontzeptua da bizizaletasunarena eta hori taldearen espirituaren zati bat ere bada. «Hainbeste denbora konfinatuta, ezin atera, ezin ospatu, ezin mozkortu, bi egun festan ezin igaro… Faltan botatzen dudan zerbait da ezbairik gabe hori guztia. Ea normaltasun batera itzuli eta UR taldearekin elkartu eta elkarrekin ospatzeko moduan garen oholtza gainean. Surfa ere egiten dut, eta oholaren gainean ibiltzea eta musika dira askatasunera eramaten nauten bi gauza. Izan ere, bizitza gozatzeko dago, zer daukagu bestela? Faltan botatzen dut zuzenekoetan jotzea, tabernetan edo dena delakoetan. Oholtzara itzultzeko amorratzen nago», kontatu digu Canto e Mellok.

Egun musika programazioa geldi samar dago, baina buruan dute disko aurkezpena egitea. «Baztartxo antzokian, Azkoitian, egiteko asmoa genuen, baina gauzak zaildu zaizkigu orain eta muga hauekin guztiekin ez digu merezi ezer egiteak. Otsailaren bukaeran edo martxoan aurkezpenekin hasteko gogoz gaude. Hirurok gaude kontzertu asko ematera ohituta, proiektu askotan jotzen dugulako, eta ‘monoa’ daukagu kontzertuak emateko».

“Baleak” diskoa digitalki entzuteko aukera dago eta www.urmusika.eus helbidean diskoa deskargatzeko moduan ere jarri dute. Izan ere, denek ez dute beste plataformetan lasai entzuteko aukerarik. Debalde jarri duten arren, taldearen Bandcamp orrialdean donazioak egiteko aukera du nahi duenak. Diskoa euskarri fisikoan ateratzeko aukera ez dute baztertzen, baina, aitortu dutenez, «kontzerturik gabe diskoa ateratzea zerbait exotikoa dela esan daiteke».