GARA
HERNANI

NAIZ Kontzertuak otsailaren 26tik 28ra izango dira Hernanin

Pandemiaren larritasuna zela-eta, NAIZ Kontzertuak atzeratzea erabaki zuten antolatzaileek duela aste batzuk. Egoera hobetu ahala data berriak finkatuko zirela iragarri zuten. Eta halaxe izan da. NAIZ Kontzertuak bueltan dira; datorren asteburuan, Hernaniko Kiroldegian.

Badira aste batzuk, pandemiaren larritasunak behartuta, NAIZ Kontzertuak atzeratzeko erabakia hartu zela. Egoerak hobera egitean, kulturarekiko konpromisoari eutsiz, kontzertuei berrekiteko asmoa erakutsi zuten orduan antolatzaileek eta ez da asko falta horiez gozatzeko: datorren asteburuan hartuko ditu orduan atzeratutako kontzertuak Hernaniko kiroldegiak.

Kartela berbera izango da, Skakeitan, Brigade Loco, Des-Kontrol eta Zea Mays taldeekin, baina ordutegian aldaketa txiki bat egingo da. Skakeitan izango da jaialdia zabalduko duena, ostiralean, otsailak 26, arratsaldeko 19.30ean.

Larunbatean Des-Kontrol eta Brigade Locoren txanda izango da. Eta hortxe dator aldaketa. Brigade Locok 13.00etan eskainiko du zuzenekoa eta Des-Kontrol arratsaldean arituko da, 19.30ean. NAIZ Kontzertuen itxiera Zea Maysek egingo du, igandean, 19.30ean.

Sarreren salmenta

NAIZ Kontzertuen atzerapena iragarri zenean esan bezala, orain arte eskuratutako sarrera guztiak, bai presentzialak bai online jarraitzekoak, mantendu egingo dira. Nolanahi ere, horiek itzultzeko aukera ere zabalik dago. Itzultzen diren sarrerok berriro salgai jarriko dira datorren asteazkenean, goizeko 11.00etatik aurrera, Naiz.eus webgunean. Halaber, kontzertuak online ikusteko sarrerak erosteko aukera ere zabalik egongo da.

NAIZ Kontzertuak publikoa bertan dela egingo dira Hernaniko Kiroldegian eta osasun krisiaren ondorioz ezarri diren segurtasun neurri guztiak ezarriko dira, ikus-entzuleen eta parte hartzaile guztien segurtasuna bermatze aldera.

NAIZ Kontzertuak urtarrilaren 22tik 24ra ziren egitekoak Hernaniko Kiroldegian. Guztia prest zegoen. Baina, esan bezala, osasun krisia larriagotzeak asmoak bertan behera uztera behartu zituen antolatzaileak. Egoera kaskarra zen Euskal Herriko leku askotan eta zuhurtziaz eta arduraz jokatzea ezinbestekotzat jo zuten momentu hartan.

Kontzertuak atzeratzea erabaki zen orduan. Atzerapena baino ez zen izan iragarritakoa, NAIZ Kontzertuak egiteko asmoak bere horretan jarraitzen baitzuen. Pandemia egoera hobetu ahala data berriak ezarriko zirela ohartarazi zuten antolatzaileek eta halaxe izan da, kulturaren aldeko ekinbidea Hernaniko Kiroldegiak hartuko du datorren asteburuan, otsailaren 26tik 28ra.