Jon GARMENDIA
Idazlea

Itsutura

Errepidetik hosto lehorrak ikusten dira, primulazeoak bazterretan, sasiak distira horiz janzten ari dira udaberri goiztiarrari tamaina ezin harturik. Irten, ibili, arnastu. Itxitura anitz zelaiari neurria hartzeko sortuak, eta hedadura ilundu egiten da eguzkirik gabeko egunetan, itsutura gehiegi baitaude urrats setatien oinetan.

Harrizko herria kutsatua dago, baina ez dakizu zerekin, ez eta zer egin. Marmar egiten dute ahoek, kordea dago analisietan, leitu beharreko txostenak bata bestearen gainean pilatuta, badirudi, pausa ttipi bat erabakita, zerbait gerorako utzia izan dela. Besteek dute adimena zu jujatzeko, zer egin duzun ongi eta zer gaizki, zahar zaren ala gazteegi, eder ala itsusi, dialektikaren tirania beti, hitz larregi deus ez konprenitzeko, eta bide batez, posizioa finkatzen da iritzia finko bihur dadin.

Badakizu zenbaitzuek ahantzi dutela hastapenean zeukaten helburua, edo baloreak dira difuminatu; mihia zikina dutenei nabarmentzen diezu garbien, beraz zuk, egizu dantza alaiki eta isiltasunak besarka zaitzala luzaro. Nork oroitzen du zure begiradaren kolorea? Distantzia ahanztura da bere soiltasunean, lorratzak bidean galdu eta inoren erdigune ez zaren puntuan hasten da askatasuna. Gauerdia baino lehen, edo berandu izan baino lehenago betiere.

Telefonoak ordularia bahitu zuenetik denboraren garraio zabiltza eta bakardadeak eskaintzen dizu minutu bakoitza. Ez galdetu zer utzi zenuen, edo zer galdu duzun, eguzki hau eskuetan urtzen den elurra bezala baliatu, eta ez arduratu ongi sentitzeagatik, ez da zure errua zoriontsu bazara.