Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Ikusleak

Políticas de lo sensible. Líneas románticas y crítica cultural” (Akal, 2020), saiakeran, Alberto Santamaria idazle eta filosofo kantabriarrak, kultura garaikidearen gaineko kritika garatzen du, kulturgintza aktibitate ekonomiko zein politikoetatik bazterrezina dela aztertuz.

Arte plastikoaren gaineko begiradaren eboluzioa aztertzen duen atalean, ikuslearen sortzeaz ariko da; ikusle izatearen kontzientzia nola sortzen den, herri xehearen begiradatik aldenduta, garatzen ari den klase burgesaren baitan aztertuz.

«Sotiltasun horretan kokatzen da, halaber, estetika fenomeno politiko gisa, sentitzen dena ordenatzeko gai den tresna» gisa, azalduko digu Santamariak; eta horrelako ideietan oinarriturik kultura burgesa, goi mailakoa, eta herri xehearena, behe mailakoa, bereiziko dira, hain zuzen arte sorkuntzaren aurrean garatzen diren ikuspegiak baldintzatuak. Alde batetik kultura “serio” burgesa, eta, bestetik, kultura popularra.

Esango nuke ipuin kontaketekin gaur arte iraun duen antzeko eboluzioa eman zela. Ipuinak kontatzea maila popularren adierazpen artistiko-kulturala izan da betidanik, ekintza komunitarioa, jende analfabetoen adierazpen gisa hartua izan dena, behe mailakoa. Badira horretan nolabaiteko klasismo zantzuak. Barre algarak, gorputzen festak, boterearekiko kritikak, ez dira sartu izan kultura “serioaren” ikuspegian. Kontaketa saioetan ikusleek talde begirada izango zuten, ez burgesa. Kontalariok geure buruari galdetu beharko diogu ikusleen begirada nolakoa nahi dugun izatea.