GARA
donostia

Immatrikulazio kontuak argitzeko batzordea nahi du EH Bilduk

Eliza katolikoak EAEn immatrikulatutako 614 ondasunak berreskuratzeko asmoz, legez besteko proposamena egin du EH Bilduk Gasteizko Parlamentuan. «Eliza katolikoak 1946az geroztik bidegabean bereganatutako ondasunak berreskuratzea da helburua», azaldu du.

Josu Estarrona parlamentariak atzo gogora ekarri zuenez, espainiar Gobernuak Kongresuari igorritako zerrendaren arabera, 1946tik 2015era, Elizak, gutxienez, 614 tenplu, lursail eta etxe jarri zituen bere izenean Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian. «Kasu askotan jendeak eta herriek eraiki, eskuratu eta ordaindutakoak, eta haiek dira, beraz, benetako jabeak».

Immatrikulazio horiek berreskuratzea «justizia» kontua dela iritzi du koalizioak eta batzorde berezi bat sortzea proposatu dio Lakuari. «Gobernuak ez ezik, aldundiek, Eudelek, legelariek eta historiagileek ere parte hartuko lukete batzorde horretan», Estarronak azaldu zuenez.

Hasteko, Elizak immatrikulatutako ondasunen inbentarioa egiteko eskatu dio EH Bilduk Iñigo Urkulluren Gobernuari. Era berean, «euren ondasunak berreskuratzeko asmoa duten udalei eta kontzejuei laguntza eta babesa» eman behar zaiela nabarmendu du. «Kasu askotan udal eta kontzeju txikiak izaten dira, eta ez dute nahikoa baliabiderik prozesu hori aurrera eramateko. Horregatik proposatu dugu defentsa Jaurlaritzak berak egin dezala».

Gasteizko Legebiltzarrak legez besteko proposamen bat onartu zuen 2019an, EH Bilduren ekimenez, Eliza katolikoak immatrikulatutako ondasunak berreskuratzea helburu. Koalizioak salatu duenez, orduan adostutakoa «ez du guztiz bete» EAJk eta PSEk osatutako Gobernuak.