GARA
DONOSTIA

Miriam Isasiren «Erraldoi Gorria», San Telmo Museoan

Miriam Isasik zuzendutako «Erraldoi gorria. Kartografia lainotsua» proiektuaren barruan, instalazio bat jarriko da ikusgai gaurtik maiatzaren 2ra artean San Telmo Museoan. Ekintza performatibo bat ere egingo da larunbatean, Kukai taldearekin elkarlanean.

Donostiako San Telmo Museoak areto berri bat zabalduko du gaurtik aurrera “Urgullen magalean” erakusketaren barruan. Areto horretan, “Erraldoi gorria. Kartografia lainotsua” proiektuaren instalazioa egongo da ikusgai maiatzaren 2ra bitartean. Piezaren izenburuak, “Erraldoi Gorria”, izar baten bizitzako etapei egiten die erreferentzia. Mugimenduak, arrastoak eta eraldaketak.

Museotik azaldu dutenez, bi kranpoi parek, Euskal Herriko hainbat zonatan aurkitutako Gerra Zibileko metrailaz hornitutakoak, ematen diote hasera proiektuari. «Kranpoiek erresistentzia memoria gisa izar arrasto bat grabatzen dute», azaldu dute.

Instalazioan, inpaktua eta energia eraldaketa elementu gisa aurkezten dira. «Izar-gorputzen mugimenduek, keinu eta omenaldi gisa arrastoa utziz, eragina dute eta gure historiaren parte dira. Hegemoniaren mende dagoen memoria kolektiboa», zehaztu dute. Instalazioak elementu ezberdinak dituela ere gaineratu dute: bideoa, kranpoiak eta material ezberdinen gainean egindako grabatuak.

Lehen elementuan, bideoan, bizitzaren eta izarrarteko heriotzaren arteko paralelismo prozesualak ezartzen dira, baita memoria ideologikoa ere. «Garenaren etorkizuna definitzen duten grabitate handiko zizare-zuloak», jarri dute azpimarra.

Performancea larunbatean

Instalazioaz gain, izenburu bereko 15-20 minutuko performancea eskainiko dute otsailaren 27an museoko elizan. Lehenengo aldia da ekintza hori jendaurrean egingo dena. Kukai Dantzako Leire Otamendik eta Nerea Vesgak metrailez egindako kranpoiekin egingo dute dantza, eta kranpoien zuzeneko soinuak eta Xabier Erkizia konpositoreak egindako soinu-larru batenak elkarrekin entzungo dira, kranpoien eta letoizko xaflen soinuen aurretiazko grabazioetatik abiatuta.

Hori bai, ohartarazpen bat egin dute San Telmo Museotik: saio honetarako sarrerak agortuta daude jada.