GARA
DONOSTIA

Pandemian ere presoen eskubideak urratzen direla salatuko dute ostiralean

Pandemia dela eta espetxeetan neurri murriztaileak indarrean direla salatzeko mobilizazioak deitu dituzte ostiralerako (otsaileko azkena) Sarek eta Etxeratek. Estatu espainoleko espetxeetan, adibidez, etenda jarraitzen dute presoen komunikazioek. Nazioarteko eragileek proposaturiko neurriak ez dituzte onartu.

«Espainiako espetxeek ia hilabete daramate blindatuta eta komunikazio eta lekualdatze guztiak bertan behera utzi dituzte. Espainiako beste hamasei erakunderekin batera salatu dugun bezala, presoen eta haien ingurukoen eskubideen aurkako benetako erasoa dakar horrek. Eskubide urraketak, ordea, ez dira berriak, orain dela urtebete alarma egoera ezarri zenetik urratzen dira presoen eskubideak; harrezkero, itxiera perimetralak egon dira eta bertan behera utzi dituzte familiako komunikazioak eta mintzalekuetako bisitak. Frantzian eta Espainian preso dauden senideak orain dela hilabete askotatik ikusten ez dituzten adingabeak daude, etsi duten adineko senideak...», salatu zuten Sareko eta Etxerateko eledun diren Joseba Azkarragak eta Patricia Velezek atzo Donostian egindako agerraldian.

«Estatuek espetxe barruan beste espetxe bat eraikitzea erabaki dute, espetxeak itxiz. Neurriz kanpokotzat jotzen dugu hori, kontuan hartuta barruko kutsadura mailek eta krisiari aurre egiteko modu horrek tentsio handia sortzen dutela; egoera ahal den neurrian arintzeko neurriak duela denbora asko hartu behar zituzten. Presoak arrisku taldean daude eta oraindik ere ez dituzte ezarri haien osasuna ahalik eta gehien babesteko neurriak, kalitatezko musukoak ematea kasu; txertoa jartzeko orduan presoei lehentasuna ematea ere beharrezkoa da, funtzionarioekin egin duten bezala. Espetxera iristean, senideei test azkar eta doakoak egitea ere proposatzen dugu», gaineratu zuten.

Horrekin batera, Nazio Batuen Erakundeak, Osasunaren Mundu Erakundeak eta Europako Kontseiluak egiten dituzten gomendioekin bat egin zuten, adineko presoak eta gaixorik daudenak askatzea, alegia. Era berean, Estatu espainiarrean 60 euskal presok jada kondenaren hiru laurdenak bete dituztela eta 17k gaixotasuna larriak pairatzen dituztela gogoratu zuten Etxerat eta Sareko eledunek.

Horiek horrela, eskubideen urraketa desblokeatzea, espetxe gehiago eraikitzeari uztea eta presoen askatasuna eskatzeko, mobilizazioak deitu dituzte Euskal Herriko hiriburuetan, herrietan eta auzoetan hileko azken ostiralarekin batera.