Ibai AZPARREN

BURLATATIK ALGORTARA, IZADI GURASOEKIN ATERATZEKO ALDARRIA

Algortako Iñigo Gutierrez eta Burlatako Maria Lizarraga presoen alaba da Izadi. Hiru urte betetzen dituenean motxiladun ume bihurtuko da eta gurasoengandik aldentzera behartuko dute. Hori saihesteko, 2019an Izadi Gurasoekin Etxera plataforma sortu zen.

Irati Aranjuezetik atera ostean, Izadi izango da kartzela horretan jarraituko duen euskal presoen alaba bakarra. Iñigo Gutierrez eta Maria Lizarraga presoen alaba da Izadi. 2019ko urtarrilaren 23an jaio zen Valentzian eta urte eta erdiz amarekin Picassenteko «amen moduluan» egon ondoren, azaroaz geroztik Iñigo eta Mariarekin bizi da Aranjuezeko familien moduluan.

2022ko urtarrilean 3 urte beteko ditu Izadik eta Burlata eta Algortako hainbat herritarrek Izadi Gurasoekin Etxera plataforma sortu zuten, haurra «motxiladun ume» bilaka ez zedin. Ez hori bakarrik, Izadiren egoera eta espetxean dauden umeen egoera «larria» ezagutarazi nahi dutela dio plataformako kide Itxaso Torregrosak.

Izan ere, Izadi ez dago preso, baina espetxe bateko estigma guztiak dituen esparru itxi eta txiki batean bizi da. Gainera, kartzelan ezer mugitzen ez dela dirudien arren, pandemiak bizitza erabat aldatu dio. Han zementua bakarrik ikusten da, ez dago kanpoko beste estimulurik. «Ez du belarrik ikusten, ez du animaliarik ikusten. Ilobarekin joan nintzen eta zur eta lur geratu zen. ‘Izadik ez du itsasoa ikusi? Ez du mendia ikusi?’, galdetzen zidan. Ez gara kontziente zer suposatzen duen ume batentzat espetxean bizitzeak», azaldu du Torregrosak.

Kartzela aldaketa eta modulu aldaketa etengabeek ere ez dute lagundu. Alde horretatik, Aranjuez oso espetxe «txarra» da, Torregrosaren esanetan: «Zuzendaritzaren jarrera ez da batere ona, eta funtzionarioena ere ez. Erraza dena zaildu egiten dute». Picassenten Izadi kalera ateratzeko erraztasun handiak zituztela nabarmendu du, baina Aranjuezen ezin izan da atera. Picassenten, umearen hobe beharrez, bisita guztiak kristalik gabe dira; ez, ordea, Aranjuezen. Elikadura ere okerragoa dela dio.

Nolanahi ere, bisita horiek, kristal hotz bat tartean, desagertu egin dira azken hiru asteetan. «Beldur gara ez ote den gehiegi luzatuko, eta kezka dugu irteerekin ere; azkenean helduentzako urtebete etxekoak besarkatu gabe egotea oso gogorra da, baina umearentzat zer esanik ez», azaldu du.

«Espetxealdi bikoitza»»

Nola aurre egin haurren hazkuntzari kartzelan; horixe da preso dauden emakumeen erronka handienetako bat. Torregrosaren iritziz, «amen moduluak» deitzeak agerian uzten du toki hauek duten matxismo arrastoa. Lehendabiziko aldiz, euskal presoak modulu familiar batean elkartzea lortu dute, baina Torregrosak aitaren falta hilabeteetan jasan behar izan dutela azpimarratu du, eguneroko erabakietan eragiteko aukera zapuztuz. «Amentzako pentsatua dago eta aitek ez dute inongo paperik», gaineratu du.

Horregatik, Euskal Herriko espetxeetan modulu mistoa sortzeko aukeraren aldeko agertu da Torregrosa, baina plataformaren aldarrikapen nagusia Izadi, Iñigo eta Maria «kalean eta etxean» nahi dituztela da, «aukerak badaudelako, eta, nahi balute, bihar bertan egin ahalko luketelako». Kontuan hartuta, gainera, Iñigo Gutierrez Izadi baino sei hilabete geroago aterako dela. «Mariari sei urte falta zaizkio eta horrek suposatuko luke sei urtez alaba apenas ikusi gabe egotea. Guk ez ditzatela bereizi eta gurasoekin batera atera dezatela aldarrikatzen dugu. Hala ere, uste dugu beharrezkoa dela Euskal Herrian modulu mistoak egotea; gauza horiek hemen kudeatzea», adierazi du.

Plataformaren asmoa instituzioetan eta jendartean babesa bilatzea dela dio Torregrosak. Presoen aferak gero eta babes zabalagoa duela uste du, baina umeak tartean daudenean nabaritu dute «sentsibilitate maila handiagoa» dagoela. Hala, oso jende ezberdina dago Burlatako plataforman, eta hori «oso polita» dela uste du; izan ere, bertan beste gauza batzuen alde mugituko ez litzatekeen jendea dagoela dio, «baina Izadiren egoera ezagutzen dutenean…».

Orain babes handiena Iratiri eman nahi diotela azpimarratu du Torregrosak, «azken txanpan daudelako». Ondoren, hilabete bakoitzeko 23an ekimenen bat antolatuko dute –sinadura bilketak, abesti bat, ikuskizunak, manifestazioak eta espetxe martxak, besteak beste–, nolabait salatzeko hilabete bat gutxiago falta dela Izadi ateratzeko.

Martxoaren 23an, bestalde, Izadiren egoera azaltzen duen dokumental bat plazaratuko da, Algortan egindakoa. Burlatan 21ean aurkeztuko dute. Instituzioei dagokienez, Arartekora eta Nafarroako Parlamentura jotzeaz gain, Madrilera bidaiatzen saiatuko direla iragarri du Torregrosak.