Joseba ITURRIA
DONOSTIA
Elkarrizketa
JON BARRENETXEA
2020KO AMATEUR ONENA

«Itzulian parte hartzea amets bat izango litzateke niretzat eta horretarako borrokatuko naiz»

Amateur mailan sufritzen ikasi ondoren, Gamizeko txirrindulariari gutxiago kostatu zaio 20 urterekin profesionaletara pasatzea juniorretatik afizionatuetara pasatzea baino. World Tourreko taldeekin korritu duen lasterketa bakarrean, mendiko saria irabazi zuen ihesaldian sartu ostean. Caja Ruralek Kataluniako Voltan izateko gonbidapena jaso ez duenez taldeko euskaldunen aukerak murriztu badira ere, Euskal Herriko Itzulian parte hartzea du helburu Jon Barrenetxeak eta gogor borrokatuko da amets hori betetzeko.

Igandean hirugarren lasterketa korrituko du Drome klasikoan, baina iazko Estatu mailako amateur onenak lortu du dagoeneko podiumera igotzea. Iaz, Euskaldun Txapelketaz gain, bost garaipen lortu zituen, tartean, berak bereziki azpimarratzen duen Balenziaga saria.

Nola baloratzen duzu aurreko denboraldia?

Ezin hobeto atera zen urtea. Amateur bezala egindako bi urteetan 40 lasterketa korritu ditut. Lehen urtean, abuztutik aurrera denboraldia amaitutzat eman behar izan nuen apendizitisa izan eta gero. Iaz, berriz, 15-16 lasterketa bakarrik egin nituen, eta horietatik bost irabazi. Balenziaga sariari ematen diot garrantzia batez ere. Hemengo lasterketarik garrantzitsuena da eta, gehienbat, non amaitzen zen ikusita. Arrate igoera mitikoa da. Urrunetik atakatu genuen eta horrek ere meritu gehiago du.

Euskaltel eta Movistar taldeek ere interesa erakutsi arren, nahiago izan duzu profesionaletara Caja Ruralekin pasatzea....

Euskaltelek deitu zidanerako, Caja Ruralekin ia egina nuen guztia. Movistarrekin zeozer hitz egin genuen, baina ezer argirik ez; ez zen eskaintzarik egon. Konfinamendua eta gero, ekainean hasi nintzen Xabi Murielekin. Hasieran asmoa lehendabiziko urte erdia Caja Rural talde amateurrarekin egitea zen, batez ere ikasketak aurrera eramateko, baina azkenean hasieratik profesionaletara pasatzea erabaki zuten eta ondo. Txirrindularitza aldatu dela eta jendea askoz azkarrago pasatzen ari dela dirudi. Niretzat ere momentua zen eta oraingoz pozik nago. Txirrindularitzak uzten didan heinean ikasten jarraitzen dut, batez ere arratsaldetan, ahal den azkarren bukatzeko. Urte eta erdi falta zait Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradua bukatzeko, baina orain lehentasuna bizikletak dauka.

Valentzian, urteko lehen lasterketan, aurrean sartu zinen...

David Gonzalezek zulatua izan zuen Ratesen, hasieran, eta gelditu beharra izan genuen itxoiteko. Ez zen karrera erraza izan. Oso laburra zen eta 20 kilometro eman genituen atzetik aurrekoak harrapatzen. Nahiko gogorra izan zen, lan asko egin genuen, baina lehen multzoan sartu nintzen behintzat.

La Marseillaise proba izan zen zure bigarren lasterketa, World Tourreko txirrindulariekin egindako lehena. Ihesaldian sartu eta mendiko saria irabazi zenuen...

Hasieran, errespetua ematen du taldeek duten azpiegitura erraldoia ikusita. Pentsa, orain dela urte gutxi autobusetan ur botellinak eskatzen ibiltzen nintzen... Baina behin irteera eman zenean, betiko moduan. Asmoa ihesaldian sartzea zen eta, bertan egonda, mendiko saria irabazteko aukera izan nuen. Ez nuen espero World Tourrekoekin lehen karreran podiumera igotzea. Sari polita izan zen eta asko disfrutatu nuen bai karreran bai ihesaldian. Amateurretan ezberdinak dira ihesaldiak. Denbora guztian topera zoaz. Profesionaletan, nahiz eta asko sakatu, badakizu pelotoiak agintzen duela. Hori bai, ihesaldian sartzeko sekulako ahalegina egin behar duzu.

Zer ezberdintasun gehiago nabaritu dituzu profesionaletan?

Pelotoian izaten den tentsioa da, askoz handiagoa baita. Erritmoa ere aipatuko nuke. Amateurretan bide lauetan pelotoian sartuta lasai zoaz, baina profesionaletan errepide lauetan ere asko sufritzen da. Hala ere, jubeniletatik afizionatuetarako saltoa gogorragoa egin zitzaidan orain eman dudana baino. Jubeniletan ez nuen une txarrik pasa, amateur mailan bai. Horri esker orain badakit momentu txarrak pasatzen.

Hemendik aurrera zer egutegi izango duzun badakizu?

Igandean Drome klasikoa korrituko dut eta, Le Marseillaise proban egin moduan, burua erakusten ahaleginduko gara. Apiril hasieran Coppi Bartali eta Frantzian klasiko bat ditugu, eta ni azken horretara joango naiz. Apiriletik aurrera badira zenbait lasterketa. Martxoan, World Tourreko karrera asko egongo dira, baina guretzat ez. Maiatzean ere egutegia oparoa da. Nire kasuan, oraingoz ez dakit zer lasterketa korrituko ditudan. Gauden egoeran, aurten korritzen dudan guztia ondo irudituko zait ikasteko. Lasterketa guztietara anbizio guztiarekin joango naiz. Adibidez, korritzen ari naizen Frantziako klasikoak ondo etortzen zaizkit ikasteko, gogorrak baitira eguraldiagatik eta erritmoagatik.

Voltan ez aritzea kolpe gogorra izango zen, ezta? Itzulian debutatzeko aukera izango al duzu?

Kontzentrazioan jakin genuen eta kolpe gogorra izan zen, baina txirrindulariok ezin dugu ezer egin. Horrek, gainera, kalte egingo dit, talde on guztia Itzulirako gordeko dutelako. Taldearentzat oso garrantzitsua da Vueltan egotea eta uste dut ziur aski ez naizela joango. Itzulian parte hartzea amets bat izango litzateke niretzat eta horretarako borrokatuko naiz, Itzulian egoteko.

Alacanteko kontzentrazioan taldeko eskalatzaile onenen artean egon al zara? Izan ere, lasterketa gutxi daude postua irabazteko...

Kontzentrazioan espero baino hobeto ikusi dut nire burua eta aukerak badauzkat. Jokin Murgialdai ere oso ondo ikusi dut. Baina azkenean lasterketetan erabakitzen da nor doan eta nor ez probetara, ez kontzentrazioetan. Denboraldia oso luzea da eta ikasi dut ez dudala agobiatu behar maila onean izan eta karrera batera ez banoa.

Balenziaga saria irabazi baduzu, eskalatzaile ona zarelako da....

Euskal Herriko igoeretan nahiko ondo moldatzen naiz, ez daukat arazorik. Igual, Pirinioetan edo Alpeetan arazo gehiago izango ditut, ez ditudalako inoiz egin horrelako igoera luzeak. Lasterketan gehienez 25-30 minutuko igoerak egin ditut. Azken urtean ikusi dut nire gorputza egun batetik bestera askoz hobeto errekuperatzen dela. Entrenamenduari esker erregulartasuna lortzen ari naiz. Juniorretan bi egun segidan ez nituen aguantatzen. Egun bateko probak irabazten nituen, baina itzulietan ez nintzen moldatzen. Orain bai ikusten dudala aste bateko itzuli batean ondo ibil naitekeela.

Beti izan zara irabazlea. Profesionaletan irabazteko prest ikusten duzu zure burua?

Oraingoz ez. Aurten lasterketa gutxi egongo dira eta guztiak maila handikoak. Orain dela bi urte, adibidez, Udaberriko Klasikoa bezalako probak lehiatzen ikusiko nuke nire burua, baina ez pasa den urteko Getxoko Saria. Aurten auskalo zer partaidetza egongo den, baina zail ikusten dut. Asmoa korredore bezala haztea eta etorkizunean txirrindulari indartsu bihurtzea da. Ez dakit bi, hiru edo lau urtean izango den, baina nire buruarengan itxaropena badut.