GARA
BAIONA
OBITUARIOA

Mende erdiz Baiona gobernatu zuen dinastiaren ikurra

Abantzu hogei urte Baionako auzapez izan zen Jean Grenet atzo goizean hil zen gaixotasun larri baten ondorioz. 81 urte zituen eta, bere heriotzaren albistea zabaldu bezain pronto, bere laguntzaile hurbila izan ondoren udal aginte makila hartu zuen Jean-Rene Etchegarayk hiriko ikurrak masta erdian jartzea eta dolumin liburua Herriko Etxean ezartzea agindu zuen.

Dolu adierazpenak bata bestearen atzetik heldu ziren. 56 urtez Baiona gobernatu zuen dinastiaren azken kimua izan zen politikaria ezagutu zutenek, Jean Grenetek hiriaren garapenari eginiko ekarpena goraipatu zuten bereziki. Ordezkari politikoek soilik ez, Baionako Aviron errugbi taldeak ere ageria plazaratu zuen bertako presidente izan zen gizonaren heriotza deitoratuz. Didier Borotra miarriztarra eta Michele Alliot-Marie donibandarrarekin batera, hamarkada luzez zentro-eskuinak beste herrialdeetan bezala Lapurdin ere eratu zuen establishment-aren lehen lerroko ordezkaria izan zen. Iparraldeko instituzionalizazioaren etsai sutsua eta abiadura handiko trenaren defendatzailea izan zen.

Grenet 1989an heldu zen Baionako Herriko Etxera. Hasieran kontseilari gisa eta, 1993tik aurrera, auzapezorde bezala. 1995ean alkate postua hartu zuen aitaren lekuan. Pirinio Atlantikoetako departamenduko kontseilari ere izan zen Henri Greneten ordez, 1992tik 1995era. 2002tik 2012ra frantziar Asanblea Nazionaleko diputatu izan zen, eta, bertan, tauromakiari buruzko lantaldean aritu zen.