GARA
BILBO

Zinegoak presentzial zein birtuala izango da, martxoaren 1etik 14ra

Era presentzial zein birtualean egingo da Zinegoak aurten, martxoaren 1etik 14ra. Bilboko Alondegiko Golem zinemetan ikusi ahalko dira aukeratutako filmak. Martxoaren 5etik aurrera, hiru sail ofizialetako film guztien lehen proiekzioa egin ostean, leiho birtuala irekiko da Filmin plataforman. Gaurkotasun handiko gaiak lantzen dituzte lanek: belaunaldi berrietan oso presente dagoen identitate eraikuntza, lesbianen amatasuna, talde-zaintzak...

Atzo aurkeztu zuten Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren 18. edizioa. “Zalantza izpirik gabe” da edizio honetako lema, eta lotura zuzena du Zinegoak-eko kartelarekin eta aurtengo helburuarekin. «Beren identitatea, nortasuna eta etorkizuna duela gutxira arte kontzeptu edo ideia hutsak ziren tresnekin eraikitzen ari direnengan jarri dugu begirada. Beren ikuspegia sexu-aniztasunerantz, askotariko orientazioetarantz, genero-identitatearen eraikuntzarantz edo sexualitatearekin loturiko beste edozein elementurantz modu natural batean zabaldu dutenengan», eman dute aditzera antolatzaileek.

Aurreko edizioen ereduari jarraiki, jaialdiak hiru sail ofizial izango ditu programazioan: FIK (fikzioa), DOK (dokumentalak) eta KRAK (narratiba berriak). Hiru sail ofizialetako 18 film luze horiek Golem Alondegian proiektatuko dira martxoaren 1etik 7ra bitartean. «Gaurkotasun handiko gaiak izango ditugu: belaunaldi berrietan oso presente dagoen eraikuntza identitarioak, amatasun lesbikoak, talde-zaintzak...».

Hemezortzi film horietatik bederatzi opera primak dira, bederatzitan eduki lesbikoa lantzen da (batez ere, FIK sailean) eta gehienetan zuzendariak emakumezkoak dira.

Martxoaren 5etik aurrera, sail ofizialeko film guztien lehenengo proiekzioa egin eta gero, Filmin-en leiho birtuala irekiko da. Bertan jaialdiko film luze guztiak ikusi ahal izango dira. Data horretatik aurrera, egunero hiru film berri estreinatuko dira (egunero bana, sail bakoitzeko) eta gehienez 72 orduz egongo dira ikusgai.

Film laburrei dagokienez, Zinegoak-ek gai ezberdinei buruzko sei ziklo antolatu ditu, eta horiek guztiak Bilborock-en ikusi ahal izango dira, 18.00etan, doako sarrerarekin. Haurtzaroa-Nerabezaroa eta Emakume Zuzendariak ohiko zikloekin batera, Drag Life eta Erresilientziak ziklo berriak ere izango dira. LGTBI+ Nagusiak zikloa ere berreskuratu dute eta, urtero bezala, Euskal Begiradak, Euskal Herrian sortutako ekoizpenak, eskainiko dira.

Horrez gain, hasiera ekitaldia Arriaga antzokian ospatuko da martxoaren 1ean, eta bertan Jose Antonio C. Amunarriz hondarribiarraren “Red Bay” film laburraren erabateko estreinaldia izango da. Ekitaldirako sarrerak otsailaren 24tik aurrera eskura daitezke antzokiaren webgunean (www.teatroarriaga.eus).

Gainera, bi ziklo berezi antolatu dituzte BilbaoArten. Alde batetik, Sebastien Lifshitz Zinegoak 2021 ohorezko saridunari buruzko atzerabegirakoa, eta, bestetik, Brasil TRANSbertsala ziklo berezia, trans pertsonek Brasilen, Bolsonaroren gobernupean, bizi duten egoeraren ingurukoa.

Aurten ere, Bilbon amaitu ostean, Zinegoak-ek herriz herriko ibilbideari ekingo dio. «Osasun-krisiak egoera zaildu duen arren, aurten 40 udalerri baino gehiago izango ditugu Zinegoak Hedapenean parte hartzen, 50 proiekzio baino gehiagorekin. Gainera, udalerri batzuek lehen aldiz parte hartuko dute Hedapenean; besteak beste, Oriok, Eskoriatzak eta Adunak», esan dute. Zerrenda osoa www.zinegoak.com webgunean kontsulta daiteke.

Gainera, lehen aldiz, Zinegoak-ek beste egoitza ofizial bat izango du Bilbokoarekin batera. Zinegoak-en eta Euskal Zine Bileraren arteko lankidetzari esker, Lekeitio egoitza ofiziala izango da eta proiekzioak izango dira martxoaren 6tik 8ra: “Valentina” film luzea eta Euskal Begiradak eta Emakume Zuzendariak film laburren zikloak.

Aurreko edizioetan bezalaxe, Zinegoakek hainbat jarduera antolatu ditu jaialdiaren irekiera ofiziala baino lehen. Aurten otsailaren 26tik 28ra izango dira. Ostiralean, Guggenheim museoan, “Keith Haring. Street art boy” dokumentala ikusi ahal izango da; larunbatean, Rote Zora emakumeen talde armatu iraultzaileari buruzko dokumentala emango da, eta igandean, “Petite Fille” Sebastien Lifshitz-en azken lana proiektatuko da. Zinemagile frantsesak online jasoko du Zinegoakeko aurtengo Ohorezko Saria.