GARA
Quito

Aurrekaririk gabeko kartzela krisialdia Ekuadorren

Gutxienez, 79 preso hil ziren asteartean Ekuadorreko hiru espetxetan izandako protestetan. Agintarien arabera, narkotrafikoak finantzatzen dituen gaizkile-taldeen liskarrekin lotuta daude matxinadak. Hala salatu zuen Twitter bidez Lenin Moreno presidenteak. «Erakunde kriminalen aldibereko erasoaldia» salatu zuen. «Agintariak kartzelen kontrola berreskuratzeko lanean ari dira», esan zuen. Fiskaltzak esan zuen bortizkeria jardunaldia «gaizkile-taldeen arteko liskarrek» sortu zutela.

Aurrekaririk gabeko kartzela-krisia du herrialdeak. Ekuadorren 60 espetxe daude. 29.000 pertsonarentzako gaitasuna dute, baina guztira 38.000 preso daude. Horietan bizi den biolentzia egoera dela eta, abuztuan Gobernuak 90 eguneko salbuespen egoera ezarri zuen. Neurria azaroan amaitu zen.

Askatasunaz Gabetutako Pertsonei Laguntzeko Zerbitzuak (SNAI) emandako azken zifra ofizialen arabera, Azuayko espetxean 34 preso hil ziren; Guayas kostaldeko (hego-mendebaldea) 4. askatasun-gabetze zentroan, 31; eta Cotopaxyn, zortzi. Astearte gauean, Twitter bidez jakinarazi zuen Guayaquilgo portuan beste 13 preso hil zirela. Herriaren Defentsa Erakundeak aurrekaririk gabeko sarraskitzat jo zituen matxinadak. Erakundeak kezka adierazi zuen «herrialdeak bizi duen segurtasunik ezagatik» eta Estatuari leporatu zion egoeraren ardura, preso dauden pertsonen segurtasuna bermatzeko duen obligazioa ez errespetatzeagatik. Iaz, 103 hilketa erregistratu zituen herrialdeko espetxeetan. Pandemia dela eta, zigor txikiak zituzten presoentzat zigor alternatiboak ezarri zituen Gobernuak.