GARA
bilbo

Gizarte zibilaren hitza entzun nahi du Foro Sozialak

Kazetariek, Elizako ordezkariek, kultura arloko lagunek eta gizarte mugimenduko kideek parte hartuko dute martxoan Foro Sozial Iraunkorrak antolatu duen «Bizikidetza landuz» ekimenean. Lau jardunaldi horien bitartez gizarte zibilaren hitza entzun nahi du.

Foro Sozial Iraunkorrak “Bizikidetza landuz” ekimena aurkeztu zuen atzo Bilbon. Kazetariek, Elizako ordezkariek, kultura arloko lagunek eta gizarte mugimenduetako kideek parte hartuko dute.

Foro Sozialak azaldu zuenez, «bizikidetza modu integralean ulertuta, bakea eraikitzea helburu duten gizarte zibileko hainbat sektoreren artean eztabaida bultzatu eta proposamenak jaso» nahi ditu.

Jardunaldiok martxoko lehenengo lau astearteetan egingo dira, bakoitza hiriburu batean. Hala, martxoaren 2an, 18.30ean, Donostiako Kursaalen “Komunikabideak eta bizikidetza” izenburuko mahai-ingurua egingo da. Bertan izango dira GARAko zuzendari Iñaki Soto eta Danilo Albin eta Gorka Landaburu kazetariak.

Hurrengo asteartean, martxoaren 9an, Iruñeko Tres Reyes hotelean “Eliza eta bizikidetza” izenburuko jardunaldia izango da. Hirugarren asteartean, martxoaren 16an, “Bizikidetza kulturaren esparrutik” gaia jorratuko dute Gasteizko Europa Jauregian. Martxoaren 23an, Bilboko Arrupe Etxean, berriz, “Gizarte-mugimenduak eta bizikidetza” hitzaldia izango da.

Ekitaldi horietan parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea, osasun-neurriak direla eta. Nolanahi ere, saioak streaming bidez emango dira Foro Sozial Iraunkorraren ohiko kanalen bidez.

«Euskal gizarte zibila aktibatu nahi dugu, hainbat sektoretatik eta etorkizuneko ikuspegietatik ekarpenak egin ditzaten, bizikidetza demokratikoa eraikitzeko. Foro Sozialak prozesuaren erraztaile eta dinamizatzaile papera hartu du, eta, ikuspegi horretatik, herritar guztiei irekitako postontzi bat sortzea sustatu dugu, beraiek ere gogoeta prozesu honetan parte har dezaten», azaldu zuten Eneko Callek eta Mikel Casadok.