GARA
BILBO

Mobilizazioei ekingo dietela iragarri dute Haurreskoletako sindikatuek

Langile, familia eta eragileen atxikimendua kalera ateraz, «gehiegizko zerbitzu minimoak, plantillaren greba eskubidearen urraketa, greba desitxuratzeko interpretazio interesatuak eta Eusko Jaurlaritzaren isiltasuna» salatu zuten atzo Haurreskoletako sindikatuek.

LAB, Steilas eta ELA sindikatuek atzo, deitutako grebaren hirugarren egunean, adierazi zutenez, Haurreskolak Partzuergoko grebak eta hezkuntza zerbitzuak gizartearen «babes zabala» jaso du, Lakuaren «mututasunaren aurrean». «Oztopo guztien gainetik, hiru egun hauetako %70eko jarraipenak indarra ematen digu gure helburuak bete arte mobilizatzen jarraitzeko», nabarmendu zuten.

Eta «bi hilabetez Hezkuntza Sailaren berririk jaso gabe egon eta gero», mobilizazioari ekingo diotela iragarri zuten. Hirugarren greba egunean Lakuako Gasteizko egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin zuten.

LAB, Steilas eta ELA sindikatuek gogorarazi zutenez, abenduan mobilizazio dinamika abian jarri zutenetik zortzigarren greba eguna egin eta gero, Lakuaren deiaren zain segitzen dute. «Bitartean, –azaldu zuten– langileen lan-baldintzak okertu eta Haurreskolak Partzuergoa bera arriskuan jartzen duten aldebakarreko erabaki politikoak hartzen jarraitzen dute», adierazi zuten.

Negoziazio kolektiboaren kontrako «eraso zuzena» eta lana oztopatzeko ahaleginak ere salatu zituzten LAB, Steilas eta ELA sindikatuek.

Lakuako Jokin Bildarraitz Hezkuntza sailburuari haur eskola hauen etorkizunaren inguruan «garbi hitz egin» dezala eskatu zioten. «Non geratu da Eusko Legebiltzarrak pandemiaren ondorioz baldintza ekonomikoak okertu zaizkien familiei Haurreskolak Partzuergoaren kuoten hobariak gauzatzeko Eusko Jaurlaritzari egin zion eskaera? Eta, erabateko doakotasunerako urratsak?», galdetu zuten LAB, Steilas eta ELA sindikatuek.

Gogoratu zutenez, aldarrikapen zehatzak jarri dituzte mahai gainean, eta Haurreskolak Partzuegoaren doakotasuna lehentasunezkoa da.

Dauden akordioak bete eta errespetatzea, lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea, eta langileen behin-behinekotasun tasa desagerrarazi eta lanpostuak egonkortzea nahi dute sindikatuek. Bestetik, Osakidetza irakaskuntza publikoa norbera babesteko ekipamenduez hornitzen ari da eta Haurreskolak Partzuergoa hor sar dadin eskatu dute, baita aurrekontua handitzeko ere.

«Bada garaia 0 eta 3 urte bitarteko Haur Hezkuntzako lehenengo zikloari merezi duen aitortza emateko», nabarmendu zuten LAB, Steilas eta ELA sindikatuek. Testuinguru honetan, eskerrak eman zizkieten mobilizazio dinamikarekin bat egin edota herrietan antolatu dituzten ekimenetan parte hartu duten langile guztiei, «hezitzaile zein kudeaketa langile izan. Gatazkan babesa erakutsi eta laguntza eskaini diguten familiei ere, gure eskerrik beroenak».