Asier AIESTARAN
ARRAUNA

Neguko lehen testa, etzi Hondarribian

Guztira 31 ontzik hartuko dute parte larunbatean egingo den HondarribikoTraineru Jaitsieran. Estropada Internet bidez jarraitzeko aukera izango da.

Larunbat honetan jokatuko da Hondarribiko Traineru Jaitsieraren 21. edizioa. Aurtengo lehen testa izango da traineruentzat, aurrez egin ohi diren beste zenbait bertan behera geratu baitira covidaren ondorioz.

Hondarribikoak ere jasango du covidaren eragina: Euskal Herriko ontziek bakarrik hartuko dute parte, elkarte bakoitzak ontzi bakarra aurkeztu ahal izango du maila bakoitzean (emakumezkoak eta gizonezkoak) etxekoen salbuespenarekin, eta dikea itxita egongo da.

Proba 16.00etan hasiko da eta hondartza pareko estropada eremuan egingo da, bi luzeko ibilbidearekin. Luze bakoitza, beraz, ohikoa baino luzeagoa izango da eta ontziek itsaso zabalera irten beharko dute. Emakumeen ibilbidea motzagoa izango da, baina txapelketa ofizialetan egin ohi dutena baino luzeagoa.

Irteera hartzen lehen ontzia Hondarribiko traineru mistoa izango da, eta ondoren aterako dira emakumezkoen hamaika traineruak: Zarautz, San Juan, Deusto, Ondarroa, Zumaia, Hibaika, Tolosaldea, Donostia Arraun Lagunak, Donostiarra, Orio eta Hondarribia.

Gero gizonezkoen txanda izango da. Guztira 19 traineruk hartuko dute parte, tartean Eusko Label Ligako zazpi: Hondarribia C, Trintxerpe, Hibaika, Mutriku, Hondarribia B, Lapurdi, Zumaia, San Juan, Arkote, Deusto, Getaria, San Pedro, Zarautz, Ondarroa, Isuntza, Donostiarra, Orio, Bermeo eta Hondarribia A.

Segurtasun arauak zorrotzak izango dira, baina zaleek estropada Internet bidez ikusi ahal izango dute, Screen plataformaren bidez, honako esteka honekin: labur.eus/hae2021.

Palmaresari begiratua emanda, gizonezkoen proban garaipen gehien lortu dituen ontzia Hondarribia da, bederatzi garaipenekin. Emakumezkoetan, San Juanek lau garaipen ditu.