GARA
BILBO

Sormenari zor

Loraldiaren zazpigarren edizioa martxoaren 9 eta 28 bitartean egingo da, «Sormenari zor» lelopean. Denera, 115 sortzaileren 26 lan ezagutzeko aukera; horietako batzuk estreinakoz. Sortzaile gazteei eta emakumeei jarriko zaie bereziki fokua. Diziplina guztiek izango dute lekua, baita kabaretak eta rol jokoek ere. Eta hiru izen izango dira gogoan: Xabier Lete, Joseba Sarrionandia eta Agustin Xaho. Bilboko hamahiru gunetara zabalduko da jaialdia.

«Sormena gara ala ia ezer ez», antolatzaileen esanetan, bizi ditugun gara zail hauetan are nabarmenagoa egin dena. «Etorkizun berria sortzeko premia dugu eta kultura da bidea», esan zuen atzo Imanol Agirre Loraldiaren zuzendari artistikoak.

Hemeretzi egunerako 26 sentikari iragarri dituzte. 115 sortzaileren lanak ikusteko aukera. Diziplina artistiko guztiak landuko dira: antzerkia, musika, dantza, literatura eta zinema.

Ekoizpen berriak eta estreinaldiak aurkeztuko dira. «Guztira, Bilboko hamahiru gune euskararen plaza bilakatuko dira», azaldu zuten antolatzaileek.

Festibalaren antolatzaileen helburuen artean euskal sortzaile gazteei fokua jartzea, emakumeak eszenara ekartzea, publiko berriengana heltzea daude. Baita memorian sakontzea ere, iturri zaharren erreferenteetatik abiatuta proposamen berritzaileak plazaratuz.

Makina bat sortzaile pasatuko dira agertokitik eta edizio honek bereziki Xabier Lete, Joseba Sarrionandia eta Agustin Xaho izango ditu gogoan.

«Aurtengo edizioak, gainera, berritasun batzuk ditu: kabareta, rol jokoak, autogida… Izan ere, Loraldia indarberrituta dator garai aldrebes hauetan, eta sormenari eskainiko dio plaza», esan zuten.

Kulturazaleak izango du non aukeratu aurtengo edizioan (egitarau osoa www.loraldia.eus wegbunean).

Osasun krisia dela eta, ohiko zuzeneko ikuskizunez gain, esperientzia digitala eskainiko da. «Teknologiari esker mundura jalgiko da jaialdia, Loraldiaren eta EITBren web orrialdeen bidez», adierazi zuten.

Lehenengo ekitaldia martxoaren 17an egingo da. Haatik dantza konpainiak mugimendua emango dio bertsoari. Sustrai Colina, Xalbador, Aitor Mendiluze, Lazkao Txiki, Uxue Alberdi eta Odei Barroso bertsolarien errimekin egingo dute dantza bost dantzarik. Igelaren Bandak jarri die soinua bertsoei, eta Thierry Biscary, Maddalen Arzallus eta beste hainbatek jarri diote ahotsa. Horrez gain, solasaldia ere eskainiko du Aiert Beobidek, “nola ikusten dugu geure burua euskaldunok?” galdera erantzun nahian.

Bigarren egitasmo digitala martxoaren 20an izango da, “Bozak. Emakumea eszenan”, Olatz Salvadorren eta Idoia Azurmendiren eskutik.

Horiez gain, martxoaren 13an, Dantzertik antolatzen dituen Arrakalak Jardunaldiek online mahai-ingurua eskainiko digute. “Tradizioa eta dantza” aztertuko dute solasaldi horretan. Hizlariak Oier Araolaza, Pantxika Telleria eta Patxi Laborda izango dira, eta moderatzailea Iosu Garate.

Egitarau presentzialera jauzi eginez, martxoaren 11n “Loreak eta zauriak, Xabier Lete kantari” izeneko ekitaldia izango da Arriaga antzokian. Xabier Lete omendu nahi duen diziplinarteko emanaldia da, eta haren lehenengo kantuak idatzi zituen garaiaren eta gaur egungo munduaren arteko elkarrizketa gorpuztuko du.

Horretarako, Beñat Gaztelumendi, Xabier San Sebastian, Joserra Senperena eta Quico Puges izango dira agertoki gainean, ikuskizuna bertsoz, kantuz eta hitzez josteko.

Hilaren 13an, literatura eta argazkilaritza uztartzen dituen “Zura eta ura” izeneko ekintza izango dugu Itsasmuseum-en. Bertan martxan dagoen izen bereko argazki erakusketa oinarri hartuta, Konrado Mugerzaren ondorengo gogoetatik abiatuko da ekintza: «Itsasontzien eraikuntzan material sintetikoek egurra ordezkatu duten neurrian, nortasunik gabeko zuritasun antzu batek estali du itsas portuetako mendeetako paisaia kromatiko joria».

Konrado Mugerza argazkilariaren irudiak eta gogoetak, alde batetik eta bestetik, bi idazleren, Miren Agur Meaberen eta Leire Bilbaoren (Lekeitio eta Ondarroa) testu literarioak uztartzen ditu emanaldiak.

Musika, marrazkiak eta irakurketa dramatizatua nahasiko dituzte martxoaren 14an Itsasmuseumen. «Zuberoatik datorkigu XIX. mendeko historian izan dugun pertsonaia nabarmenetako bat, baina ez oso ezaguna. Kontuan izan Agustin Xaho abertzaletasuna eta gure eskubide historikoen sortzaileetako bat dela diotela historiagileek», nabarmendu zuten antolatzaileek.

Asisko Urmenetak “AztiHitza” komikia sortu zuen Xahoren irudia goratzeko. Lan honekin Euskadi Literatura Saria irabazi zuen. Orain ikuskizuna dator. Urmenetak marrazkiak eta solasak gidatuko ditu. Irakurketa dramatizatuan, berriz, Daniel Arbeletxe, Mariañes Gorostiaga, Xanmari Hirigoien izango dira eta musika eta kantua emanez, Ihintz Potorena.

Martxoaren 20an, Joseba Sarrionandia eta Fernando Pessoa idazle bien hitzordu literario bat irudikatuko da Alondegian. «Mikel Antzak erronka hartu du eta hitzorduari berba jarri dio. Errealitatea eta literatura txirikordatzen dira antzezlan honetan», kontatu zuten.

Sarrionandiak euskaratu zuen Fernando Pessoaren “O Marinheiro” koadro bakarreko drama estatikoa aitzakiatzat hartuz, bi idazle horien (eta hirugarren baten) arteko harremanaren ikuspegi berri eta ustekabekoa eskainiko dute. “Marinela” obrako hiru dontzeila-beilarien arteko biren eskutik jasoko da hori guztia: Ainhoa Alberdi, Erika Olaizola eta Idoia Beratarbide.