GARA
iruñea

EAEko zaintza sektorean grebarako deia egin dute martxoaren 4rako

Gizarte-zerbitzuetan zaintza lanen «aitorpena» defendatzeko eta ereduaren goitik beherako aldaketa bultzatzeko helburuarekin, LAB eta ELA sindikatuek grebara deitu zuten atzo, martxoaren 4rako EAEn. Duela egun batzuk, CCOO eta ESK sindikatuek ere bat egin zuten.

LAB, ELA, ESK eta CCOO sindikatuek grebara deitu dute martxoaren 4rako, zerbitzu sozialetan zaintza lanen «aitorpena» aldarrikatzeko. ELAk, ohar baten bidez, gogora ekarri zuen azaroaren 17an eta urtarrilaren 26an ere egin zituztela protestak.

«Pandemiak argi utzi du gizarte zerbitzuak zein garrantzitsuk diren bizitza mantentzeko», adierazi zuen LAB sindikatuak Bilbon egindako prentsaurrekoan. Aldiz, orain arte, «negozioa egiteko aukeratzat» hartu izan direla salatu zuen. Hori dela-eta, ereduaren «aldaketa oso bat» defendatu eta gizarte zerbitzuak «publifikatu eta zerbitzu hauen kalitatea bermatuko dituzten arauak» onartzeko eskatu zieten erakundeei. «Langile eta erabiltzaileen iritzia kontuan hartzea beharrezkoa da», gaineratu zuen.

Era berean, «aitorpen falta» horrek «prekaritatea areagotzea» dakarrela azpimarratu zuen LABek. Beraz, greba egunean zerbitzuak publifikatzea, arreta sistemak arautzea, erabiltzaile eta langileen parte hartzea sustatzea, lan hitzarmenak desblokeatzea eta ratioen dekretuak behar bezala eguneratzea beharrezkoa dela aldarrikatuko dute.

ELA sindikatuak, era berean, Lakuako Gobernuari «beste alde batera begiratzea» leporatu zion. «Martxoaren 8an ahoa betetzen zaie hitz politez, baina egunerokotasunean eta covid-19 pandemiaren aurrean langileak bakarrik uzten dituzte». Ildo horretan, «daukaten interes bakarra enpresei dirua bideratzea» dela salatu zuen sindikatuak.

«Plantilla guztiz eskasak dira eta ratio gizagabeak, izugarrizko lan-kargak dakartzatenak eta behar besteko arreta bermatzen ez dutenak, eta, era berean, pertsonek zainduak izateko duten eskubidea urratzen dutenak», gehitu zuten.

«Aldarrikatuko dugu ezinbestekoa dela sistema aldatzea: lanera beldurrik gabe joatea bermatzen duen sistema, interes kapitalista eta alderdikoien aurrean blindatuta egongo dena».