GARA
BILBO

Hiru preso hurbildu eta bat Euskal Herriratuko dute

Estatu espainoleko Espetxe Erakundeek lau euskal preso Asturias, Kantabria eta Zaballako kartzeletara lekualdatuko dituztela jakinarazi zuten atzo, horietako bi A Lamatik (Pontevedra), beste bat Kordobatik eta beste bat Valentziatik. Bestalde, covid-19a aitzakia hartuta espetxeak itxi dituztela salatzeko hainbat mobilizazio egin ziren atzo Euskal Herriko hainbat tokitan, Etxeratek eta Sarek deituta, eta otsailaren azken ostiralarekin ere bat eginez.

Espainiar Estatuko Espetxe Erakundeek lau euskal preso lekualdatuko dituztela iragarri zuten atzo. Orain etxetik 700 kilometro baino gehiagora dauden pertsonen kasuak dira.

Anabel Eguesen kasua nabarmendu behar da; izan ere, abenduan Javier Gallaga eta Igor Porturen lekualdaketa iragarri ostean, Kordobako espetxean zegoen euskal preso bakarra zen. Egues Villabonara (Asturias) eramango dute, iragarritakoaren arabera. Bigarren gradua ere emango diote. Beraz, mugimendu guztiak gauzatzen direnean, bakartzea bezalako praktiken sinonimo izan den Kordobako kartzela euskal presorik gabe geratuko da.

Xabier Makazaga eta Eneko Goieaskoetxea A Lamatik (Pontevedra) El Duesora (Kantabria) eramango dituzte eta bigarren gradua emango diete. Laugarren mugimendua Euskal Herriratze bat da. Ainhoa Barbarin Picassentetik (Valentzia) Zaballara pasatuko da.

Etxeratuak izan daitezen eskatu zen ere kalean, ostiralero bezala, mobilizazioak izan ziren Alegian, non 26 lagun bildu ziren, Algortan 90, Amurrion 75, Añorgan 21, Arbizun 30, Areson 13, Asteasun 18, Aulestian 86, Bakion 37, Berangon 15, Bergaran 60, Berriozarren 30, Berrizen 23, Deban 35, Durangon 125, Ean 56, Elgetan 20, Elorrion 76, Erandion 48, Ermuan 50, Erromon 46, Galdakaon 78, Garesen 35, Gernikan 42, Getarian 35, Hernanin 175, Irunen 80, Irunberrin 30, Iruñean 112, Irurtzunen 25, Irurretan 58, Larrabetzun 83, Lasarten 98, Laudion 43, Lazkaon 81, Legorretan 27, Leioan 68, Lekunberrin 8, Lemoizen 12, Lezon 47, Ondarroan 121, Oreretan 118, Zumaian 103, Portugaleten 60, Pasai Antxon 58, Sopelan 60...

Grande-Marlaska Gasteizen

Espetxe eskumena dela eta, Fernando Grande-Marlaska barne ministro espainola Gasteizen izan zen atzo, Josu Erkoreka Lakuako lehendakariorde eta Segurtasun sailburuarekin bilduta. Bilera «giro lasaian eta guztiz adeitsuan» burutu zutela eta «emankorra» izan zela adierazi zuen Lakuak prentsa oharrean. Aldiz, ez zuten inolako fruiturik aurkeztu eta plazaratutako agirian etorkizuneko kontuak baino ez zituzten aipatzen.

Grande-Marlaska eta Erkoreka 2017tik bildu gabe dagoen Segurtasun Batzordea suspertzearen alde agertu ziren, polizien arteko elkarlana sendotzeko.

Bat egin zuten azken egunotan izan diren «indarkeria ekintzak» gaitzestean ere.

Kontu horien inguruan bai, baina puri-purian den gaiaren, alegia, Intxaurrondon egindako torturen inguruko Pedro Gomez Nietoren audioaz ez zuten ezertxo ere esan Grande-Marlaskak eta Erkorekak bileran.