Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Sagarra (I)

Polizia protagonista duten telesaioak ekoizteko orduan estatubatuarrak bezalakorik ez dago. Urtean auskalo zenbat milioi dolar bideratzen dituzten herritarrak “zaindu eta babestea” xede duen erakunde publikoaren jarduna goresten duten programak sortu eta aireratzera. Pentsatzen jarrita, susmagarria gerta daiteke Poliziaren irudiaren alde halako dirutza inbertitzea. Hain ona bada Polizia, zertara dator gehiegizko publizitatea?

Jakina, albisteen berri izatea besterik ez dago herritarrak “zaindu eta babestearen” izenean edo, hobeto esanda, horren aitzakian, Poliziak egiazki zer egiten duen jakiteko. Eta, hala ere, telebista saioek segurtasun indarrak (adi metaforari) maitatzera bultzatzen gaituzte. Injustiziak gertatu egiten direla ez dute ukatzen, baina hutsik egin gabe azalpen bera ematen digute: sagar ustelarena da errua, saskian infiltratu eta gainerako sagarrak ustelarazten dituena. Baina saskia, berez, ondo dago. Sagar ustela eta hark kutsatutakoak kendu, eta akabo komeriak.

Feminista beltzek, ordea, Combahee River kolektiboko andreek, Angela Davisek, Mariame Kabak zein Ruth Wilson Gilmor-ek, izen gutxi batzuk aipatzearren, lan eskerga egin dute saskia eta hark ordezkatzen duen errealitatea azaleratzeko. Haiek ikusarazi digute arazoa ez dela sagarra, arazoaren sintoma baizik: kontrola eta zigorra (Polizia ezin da kartzela gabe ulertu) hobesten dituen saskiarena, hots, estatu kapitalistarena. Hari aurre egiteko, feminista beltzek dioskute ez dela nahikoa sagar batzuk kentzea, “haiek” delako “gu”-arekin ordezkatzea.