GARA
SNOWBOARD

Alvaro Romero, zilarra Europako Kopan

Alvaro Romero Basque Team Fundazioko kideak Europako Kopan bere lehen podiuma sinatu zuen, atzo, Reiteralmen (Austria) korritutako lasterketan bigarren bukatu ostean. Michael Perlek eraman zuen metal preziatuena eta Matteo Menconi italiarra hirugarren izan zen.

Rider donostiarra denboraldi bikaina egiten ari da. Urte honetako urtarrilean bere lehen garaipena lortu zuen FIS lasterketa batean, hura ere Reiteralmen, eta hilabete honetan, Idre Fäjllen –Lucas Eguibar munduko txapeldun izan zeneko proban– maila absolutuko Munduko Txapelketan debutatzeko aukeratuetako bat izan da.

Atzoko sailkatze proban laugarren denborarik onena egin zuen Romerok, ondoren proban lehiatu ziren 32 kirolarien artean sartzeko. Final-zortzirenetan onena izan zen, Bell kanadarrari, Powondra austriarrari eta Zerava txekiarrari gailenduta.

Gauza bera gertatu zen final-laurdenetan, Mason eta Bell Kanadako snowboarderrak eta Kroh austriarra azpiratuta. Bere finalerdian soilik Perle estatubatuarrak gainditu zuen Romero. Biek atzean utzi zituzten Bitschnau suitzarra eta Mason kanadarra.

Finalean aipatutako Michael Perlek eraman zuen metal preziatuena, Alvaro Romerok bigarren postuan bukatu zuen, Matteo Menconi italiarra hirugarren izan zen eta Guillaume Herpin frantziarra, laugarren.

Imanol Rojo, bikain eskian

Bestalde, Imanol Rojok Mundial batean bere emaitzarik onena erdietsi zuen atzo lehen 20 eskiatzaileen artean amaituta. Tolosarrak 19. postuan bukatu zuen 15/15km C/F eskiatloia Oberstdorfen jokatzen ari diren Munduko Txapelketan.

5, 9.7, 15, 20 eta 26.3 kilometroetako partzialek erakusten duten bezala, Rojok hobera egin zuen lasterketan zehar. Proba amaitzean berak baieztatu zion Basque Team-i emaitzarekin oso pozik zegoela. Estilo klasikoko tartean oso ondo sentitu eta eskiek hegan egin zuten. Probaren bigarren zatian top 10era iristetik gertu egon zen gainera. Alexander Bolshunov garailearengandik 2:49.6ra helmugaratu zen.