GARA

NBEren deia: «Pariseko Akordioaren sinatzaileek klimari buruz hartutako azken konpromisoak eskasak dira»

Nazio Batuen Erakundeak alarma deia egin du: Pariseko Akordioa sinatu zuten estatuek klimari buruz hartu dituzten azken konpromisoak «oso urrun» daude planetaren berotzea gelditzeko helburuetatik. «2021ean munduko klima larrialdiari aurre egitea lortzen dugu, edo porrot egingo dugu. Zientzia argia da, tenperaturaren igoera 1,5 gradura mugatzeko CO2 isurtzeak %45 gutxitu behar ditugu hemendik 2030era, 2010arekin alderatuz», azaldu du Antonio Guterres NBEren idazkari nagusiak.

2015eko klimaren itunaren sinatzaileek urtea amaitu aurretik berrikusi behar zituzten beren konpromisoak, baina 200 herritatik 75ek soilik egin zuten. Horiek munduko CO2 isurtzeen %30en erantzule dira. NBEren arabera, konpromiso horiekin 2010etik 2030era %1 baino gutxiago murriztuko lirateke isurtzeak, eta hori oso urrun dago planeta gradu bat eta erdi baino gehiago ez berotzeko behar den %45eko gutxitzetik.

Nazio Batuek beste ebaluazio txosten bat aurkeztuko dute eta bereziki Txinaren ekarpena espero dute, 2060an karbono neutraltasuna lortzeko konpromisoa hartu baitzuen. AEBen urratsen zain ere badaude, Joe Biden presidente berriak bere lehentasunen artean kokatu baitzuen Lurraren berotzearen kontrako borroka eta herrialdea Pariseko Akordiora itzultzea sinatu baitu. Helen Mountford World Resources Institute erakundeko ordezkariak Britainia Handia, Argentina eta EBk ezarritako helburuak txalotu, eta Brasil, Errusia, Australia eta Mexiko atzean doazela esan du.