Jon ORMAZABAL
PILOTA

Oinatzen grinak egoera eta partida tristeenak ere pizten ditu

Atzean aginduko zuen atzelaririk gabe, leitzarrak motzean lotu zuen Urrutikoetxea, eta bere tranpan harrapatuz bigarren puntua lortu.

BENGOETX.-ARANG. 22

URRUTIK.-IMAZ 11


Ez dakigu Berri Txarrak taldeak zenbaterainoko pisua duen Oinatz Bengoetxearen bizitzaren soinu bandan, baina «pasioa da hemen exijitzea zilegi den gutxieneko hori» abesten zuten Lekunberrikoek eta espiritu hori inork baino hobeto islatzen du leitzarrak frontoi baten barruan. Pilotazaleek maite dute Oinatz, sarrera bat erostea –ahal zenean– merezi izatea lortzen duten horietakoa izan da beti aurrelari nafarra eta Binakako honetan bere azken partida izan daitekeenean ere bere alea utzita joateko moduan da, espero den bezala hurrengo astean Iñaki Artolak bere lekua berreskuratzen badu. Kantxan transmititzea lortzen duen pilotaria da Bengoetxea VI.a, baita Markinako atzokoa bezalako partida hotz eta erritmo gabeetan ere, eta horregatik lortu du leku bat pilotazale guztien bihotzetan. Askotan haizea kontran zuela aritu bada ere, Artola-Aranguren bikotea bizirik dela utziko luke, Urrutikoetxea-Imazi 22-11 irabazita, hauengandik puntu bakarrera eta averagea alde dutela.

Txanpon beraren beste aldea lirateke oraintxe bertan Zaratamokoa eta oiartzuarra, sailkapeneko euren posizioa zertxobait hobea den arren, isiltasuna, komunikaziorik eza eta tristura baitira islatzen dituzten sentsazioak. Atzoko lehiari erdialdera arte hala-nola heldu bazioten ere, 8-9 aurretik joan ziren, goitik behera amildu ziren inolako erreakziorako gaitasunik gabe.

Eta hori, txapelketa honetan gutxitan gertatu den bezala, atzean ez zen egon piloteoan erraz nagusitu zen pilotaririk. Hasieratik nahiko gozakaitz hasi zuen partida Aitor Arangurenek, baina bere aurrelariaren grinak kutsatuta edo, lana bederen errotik jarri zuen eta behetik gora egin zuen, apenas pilotarik galdu gabe. Ander Imaz ere ez zen nabarmen galtzaile aritu, baina era berean ez zen aurkariari bizkarra erakusteko gai izan eta horrek Mikel Urrutikoetxea bere tranpan lotzeko bidea eman zion Oinatz Bengoetxeari.

Kate motzean

Markinako Unibertsitatea frontoi oso luzea izanagatik, motzean ibili zuen leitzarrak bizkaitarra eta joko bizi horretan bere saltsan aritu zen nafarra. Era guztietako efektu eta erremateekin, partida borobila jokatu zuen Bengoetxeak eta Zaratamokoak gantxo onen bat gurutzatu bazuen ere, ezinean aritu zen Oinatz horren eroso aritzen den «kaleko» pilota horretan.

Emaitza honek presio are handiagoa ezartzen die gaur Tolosako Beotibarren jokatu behar duten Jaka-Martijari, sailkapeneko zuloan bakarrik geratu nahi ez badute. Hori bai, Elezkano-Zabaleta liderrei irabazteko gai izango balira, azken bi postuetatik ihes egiteko borroka latz horretan beste arnasa bat hartuko lukete.

Sanchezen ilusioa eta Ducassouren ofizioa, Berezkoen txapelik preziatuenaren bila

Pilota munduan, urteko egunik handiena izan ohi da Buruz Buruko finalarena, baita trinketean ere. Osasun larrialdiak eraginda, oso berezia izango da aurtengo edizioa, ikuslerik ez baita izango Hazparneko Berria Trinketean 11.30etik aurrera. Baina bada beste berrikuntza handi bat ere, historian lehen aldiz, Hego Euskal Herriko pilotari batek, Esteribarreko Luis Sanchez nafarrak jantzi baitezake Bidasoaz iparralderako txapelik preziatuena. Parean, azken urteetako espezialistarik handiena izango du, azken sei urteetako finalak jokatuta lau txapel jantzi dituen Battitta Ducassou itsasuarra.

Hitz gutxitan laburtzearren, Sanchezen ilusioaren eta azken asteetan gorantz egin duen Ducassouren eskarmentuaren arteko finala izango dela esan genezake.J.O.