Jon ORMAZABAL
BEREZKOEN BURUZ BURUKO FINALA

Buruz Burukoak berpiztu du Battitta Ducassourik lehiakorrena

Hamahiru berdinketa izan zituen final ezin orekatuagoan, 40-39 gailendu zitzaion lapurtarra Luis Sanchez nafarrari Hazparnen.

DUCASSOU 40

LUIS SANCHEZ 39


Denetariko txapelak jantzi baditu ere, Buruz Burukoa da Battitta Ducassouren bihotzeko txapelketa, bertan lortu ditu bere garaipenik sonatuenak eta azken hilabeteetan bere buruarengan galdua zuen konfiantza ere suspertu dio trinketean bakarrik sartzeak. Lehiakortasuna berpiztu dio Frantziako txapelketak eta bere onena eman behar izan zuen atzo Hazparnen gauzak oso zail jarri zizkion Luis Sanchezen aurka bere bosgarren txapela janzteko. Final ikusgarri eta lehiatu batean, 13 berdinketa izan ziren azkenerako, baina 38-39ko emaitzari buelta eman eta, azken urteetako espezialistarik handiena dela berretsi zuen.

Luis Sanchezen bote bortitzei nola erantzun ahalko zien zen finalaren gakoetako bat eta hemen ere ez zen alde handirik izan bi finalisten artean, biek lortu baitzituzten 11 tanto lehen pilotakadarekin eta ñabardura bakarra egindako faltetan egon zen, Ducassouk bat gehiago egin baitzuen (2). Bigarrena, gainera, oso une txarrean, 33-33 zirela, baina akats honi buelta emateko gai ere izan zen partida erdialdera finala bideratua zuela zirudien itsasuarra. Sanchezek ere izan zuen unerik desegokienean egindako oparirik, txapela erabakita uzteko paregabeko aukera izan baitzuen 33-36 zirela, baina aukera-aukerako pilota bat txapapera bota zuen. Huts horrek bizia eman zion lapurtarrari eta amaiera ezin estuago batean txapela berritu zuen.

Pilotaren azken mugaren aurka talka egin zuen Luis Sanchezek ez du batere gustura amaitu egindako finalarekin, baina pozik egon daiteke, egindakoa ez baita makala izan. Lehen mailan jokatutako lehen urtean Buruz Buruko finala jokatzea ez du edonork egiten eta sake bikaina duen pilotari bat baino askoz gehiago dela berretsi zuen.