GARA
IRUÑEA

Euskara haurren artean bultzatzeko kanpaina aurkeztu du Euskarabideak, bereziki familiei zuzendua

Nafarroako Euskararen Institutuak, Euskarabideak, «motibazio kanpaina bat» aurkeztu zuen atzo, “Regálales el euskera y llegarán muy alto / Euskararekin, gora eta gora beti!” lemapean. Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako sailburuak eta Mikel Arregi Euskarabideko zuzendariak ekitaldian azaldu zutenez, xedea euskara familiek umeei eskain diezaieketen baliabide on bat dela azaltzea da.

Sailburuak adierazi zuenez, «euskara oraingo eta geroko hizkuntza da. 30 urtetik beherako lau gaztetik bat euskalduna da, Nastat inkestaren arabera. Gurasoen %30ek aukeratzen dute D eredua 3 urteko seme-alaben hezkuntzarako eta %20k, A eredua. Eusko Ikaskuntzaren elkarbizitzari buruzko inkestak dioenez, gazteek gero eta gehiago ikusten dute euskara balio positibo gisa».

Joan den azaroan “Eskola, bihurtu aukera / era.eus, tu compañera” jardunaldiak egin ziren, eta izan zuten arrakasta ikusita, bigarren ziklo bat prestatu dute, Nafarroan euskara ezagutu eta erabiltzeak duen balioaz ohartarazteko.

Hiru mintegi eginen dituzte hezkuntza arloko adituekin. Zuzenean emitituko dituzte internet bidez, 18.00etan, eta familiek galdetzeko aukera izanen dute. Lehen saioa apirilaren 12an eginen da, Jasone Cenoz EHUko Hezkuntzako Ikerketa eta Diagnostiko Metodoen katedradunarekin. Hurrengo egunean, 13an, Eduardo Aldasoro pedagogoa D ereduaz ariko da, eta 14an, Juan Pedro Urabayen A ereduan esperientzia handia duen irakasleak euskaraz ikastea aukera bat dela azalduko du.