GARA
IRUÑEA

Lau eguneko greba Nafarroako garbiketan

Hitzarmen duinaren alde, lau eguneko grebara deitu dute CCOO, LAB, ELA, UGT eta Solidari sindikatuek Nafarroako garbiketa sektorean. Hilaren 13tik 16ra bitartean egingo dute eta, patronalak aldarrikapenei jaramonik egiten ez baldin badie, mugagabea bilaka daitekeela ohartarazi zuten Iruñean egindako agerraldian.

Hilaren 13tik 16ra bitartean Nafarroako garbiketa sektorean greba egitera deitu dute CCCO, LAB, ELA, UGT eta Solidari sindikatuek, «ez zaigulako beste biderik geratu». Prentsaurrekoan azaldu zutenez, patronalak ez ditu kontuan izan egin dituzten mobilizazio ugariak.

Grebak industrian, hezkuntzan eta osasun sektorean eragingo duela jakinda, «babesa, ulermena eta elkartasuna» eskatu zieten herritarrei.

«Trapuak, eskularruak, mopak eta desinfektatzaileak uztera» eta grebarekin bat egitera animatu zituzten sektoreko langileak. Nabarmendu zutenez, patronalak langile hauen lana aitortzen ez duen arren, garbitzaileak funtsezkoak dira, «pandemia hasi zenetik lehen lerroan» aritu dira ospitaleak eta osasun zentroak garbitzen «ziurgabetasun unean eta babes ekipamendu egokirik gabe askotan». «Baina funtsezkoak gara eta ezin ginen etxean geratu», azpimarratu zuten.

Egiten dituzten eskaeren artean hauexek daude: KPItik gorako soldata-igoera, feminizatutako sektore honetan dagoen soldata arrakala murrizteko; baja-osagarriak berreskuratzea; eta murriztu diren lanaldiak gehitzeko aukera emango duen klausula berria hitzarmenean. Gogoratu zutenez, aldarrikapen hauek patronalaren aurrean defendatu dituzte, baina «gure lana eta soldata izoztutako urteak onartu beharrean, negoziazio mahaitik altxatu zen otsailaren 4an».