J.O.
PILOTA

Ander Imazek kendu egin du Mariezkurrenari jarritako salaketa

Baikoko pilotariek egindako grebak irekitako zauriak, batzuk behintzat, ari dira pixkanaka osatzen, eta azkenean Ander Imazek kendu egin du bere aurka egindako adierazpenengatik Jon Mariezkurrenari iazko urrian jarri zion salaketa.

Aurretik, Baikoko greban parte hartu zuten pilotariek –tartean Mariezkurrena bera– idatzi bat plazaratu zuten. Gaiaz hausnartu ondoren, hau ondorioztatu dute: «Adierazpen haiek haserre eta tentsio handiko testuinguruan eginak izan zirela ulertzen dugu gaur, eta elkarrekin konpondu beharreko gaiak plaza publikora ateratzea lekuz kanpokoa izan zela».

«Gure kide Ander Imazek pilotari taldeko informazioa filtratzen zuela esan zen, horrelako baieztapenik egiteko frogarik eduki gabe», azaltzen dute eta, honakoa gaineratu: «Beranduegi izango ez delakoan, adierazpen hauek Imazi maila profesional nahiz maila pertsonalean ekar diezazkioketen kalteez jabeturik, autokritika hau publiko egiteko beharra sentitu dugu».