Xole ARAMENDI ALKORTA
BILBO

Mikel Azpirozen musika eta Bernardo Atxagaren literatura, harilkatuta

«Denbora, kantak eta islak». Mikel Azpirozen piano doinuak eta Bernardo Atxagaren hitzak josiko dituen ikuskizuna eskainiko dute datorren apirilaren 13an Bilboko Arriaga antzokian. Donostiar musikariak «Islak» diskoko piezak joko ditu eta idazle asteasuarrak «Etiopia» liburuko paisaia eta poemak eramango ditu saiora.

Mikel Azpirozen musika eta Bernardo Atxagaren literatura eskutik helduta datoz “Denbora, kantak eta islak” ikuskizunean. Apirilaren 13an eskainiko da Bilboko Arriaga antzokiak ekoiztutako emanaldia. Saio bakarra izango da eta ez daukate aurrerago errepikatzeko asmorik.

Azpirozen eskutik iritsi zitzaion gonbidapena Atxagari. «Pertsonalki elkar ezagutzen dugu eta ezagutzen dut bere musika, aspalditik. Arriagak ekitaldi bat eskatu ziola eta ea lagunduko nion deitu zidan. Oso pozik jaso nuen eskaintza, asko estimatzen baitut musikari bezala», kontatu dio GARAri.

Bidaia da Atxagarentzat musika. «Musikak, eta kasu honetan pianoak, denbora ezabatzen dit. Mikelen diskoak entzuten jarri eta denbora oharkabean pasatzen da. Bidaia da niretzat, eta pianoaz lagunduta ondo bidaiatzen dut; nire buru-bidaia, barne-bidaia egiten dut».

Egun argiko ametsa. «Burua leku batera edo bestera joaten zait –gaineratu du–. Mikelen kontzertua izango da Arriaga antzokikoa eta bertaratzen direnei egun argiko ametsa izan dezaten laguntzea nahiko nuke nire aldetik».

Donostiar musikariaren “Isla” diskoak egingo du bi sortzaileen arteko zubi lana, 1978. urteko Steinway&Sons B ereduko isats-pianoarekin interpretatutako bederatzi konposizio biltzen dituena.

Azpirozen piano doinuei hitzak jarriko dizkie Atxagak. Arriagan irakurketa asko egina da. Testu berria sortzerakoan Maialen Lujanbiok Tabakaleran egindako ekitaldi baterako eskatu zion hitzaldia izan du abiapuntu. «Oso egokia da. Aspalditik idazteko gogoa neukan bidea ireki zidan berak hitzaldiaren izenburua eman zidanean: ‘Sehaska kanta bat Etiopian’», adierazi du.

Denbora

Denboraren eraginak harilkatuko du jarduna. «Denbora ez da inon era berean ezartzen: ez gauzetan, ez animalietan, ez beste errealitateetan. Poliki-poliki ezartzen da esate baterako harrian; harri batzuetan, ehunka edo milaka urte behar dira antz emateko moduko aldaketa bat gertatu aurretik. Lorean, berriz, ez da halakorik; gehienek sasoi bat irauten dute, hilabete banaka batzuk. Animalien erresumari dagokionez, modu batean jasotzen dute loroek eta dortokek denbora; tximeletek, bestean. Zer esanik ez ephémeros deitzen diren eltxoek. Gogoan izan beste errealitate batzuk ere: idatzita iristen zaizkigun musikak, testuak…», azaldu du.

Eta denbora nola doa idatzietan? «Batzuetan, kazetariok badakizue hori, oso arin pasatzen da. Aldiz, sehaska kantek, hileta kantek, asko eusten diote denborari; oso poliki doa», esan du.

Sehaska kantuak izango ditu hizpide saioan. «Nik azkena entzun nuen sehaska kanta, orain 40 urte, eta duela 4.000 urte Sumerian kantatzen zuten beste batekin alderatu eta oso paraleloak dira. Bata bestearekin parekatu daitezke. Genero batzuk ez dira aldatzen, beste denbora bat dute», gaineratu du.

“Obaba” hitza belarrira xuxurlatu zion sehaska kanta du gogoan idazleak. Deustutik abiatu eta ibaian zehar Arriaga antzokiraino bidaiatuko du Atxagak, eta, bere eskutik, entzuleek. «Deustun iritsi zen nigana sehaska kantua. Ni nengoen tokitik jaitsi eta ibaian zaude, pixka bat aurrera jarraitu eta Arriagara heltzen zara. Poemaz poema antzokira bertara iritsiko naiz. Ibai horrekin lotura duten testu eta poema batzuk –horietako batzuk “Etiopia” liburuan jasoak– irakurriko ditut. Eta zorte pixka batekin, eta musak lagun baditut, Arriagari ere poema bat irakurriko diot», aurreratu du.

Asteasuarraren hainbat idatzietan ageri den paisaia da. «‘Etiopia’ liburuko poema batzuetako paisaia da. Esaterako, Ruperrek kantatzen dituen ‘Kalatxoriarena’ –Arriaga, Areatzako zubia, Santanderreko tren geltokia aurrean eta kaioak gainean– eta ‘Berandu dabiltza’ abestien letrak ere bertan eginak dira».

“Etiopia” poema liburua du oinarri hitzaldiak. “Obabakoak” ere zerrendan jarria du. Eta atzetik etorriko dira besteak. «Aspaldiko nahia da nire liburuen inguruan gertatutakoak idaztea, liburu bakoitzaren historia zein den azaltzea», kontatu du.