Txoli Mateos
Soziologoa
JOPUNTUA

Zazpiak bat

Zenbat lagun bizi dira Maulen? Frontoi normalik ez al duzue? Eliza guztiak trinitarioak al dira? Tabernak zergatik daude beti hutsik? Matalaz non lurperatu zuten? Lau pisuko etxerik ba al dago? Horrelako galderak pausatu zituen Fiachras musika taldeak “Zuberotar baten aurrean” izeneko kantan. Lehenengoz entzun nuenean barre algara ozena eragin zidan, ironia handiz islatzen duelako zein gutxi ezagutzen dugun Hego Euskal Herriko bizilagunok Zuberoa eta, oro har, zein arrotz zaigun Ipar Euskal Herria eta hango bizimodua. Marte planetari buruzko galderak ziruditen.

Ez dakit Fiachras taldearen asmoa zein zen, baina, berez, zer pentsatua ematen du abestiak. Izan ere, Ipar Euskal Herriak bilakaera paradoxikoa bete du Hegoaldeko abertzaletasunaren iruditerian. Urte asko dira “beste aldea” baino ez zena: erbestea, iheslarien babeslekua. Gerora “Iparraldea” izan zen, ikurrina nonahi, pastoralak eta euskara zoragarria aurki zitezkeen toki idilikoa. Apurka-apurka, hango abertzaleek utzi zioten hemengoei begiratzeari eta beren ibilbidea eraikitzen hasi ziren, Euskal Hirigune Elkargoa bihurtu arte. Estatus politikoa irabazi du “Iparralde” hark gure artean ere; halaxe aitortzen zaio. Une honetan, “Zazpiak bat” delako horren barruan hiru errealitate administratibo, politiko eta kultural daude, eta euskal estatura bidean, antolaketa konfederalaz hitz egiten da. Ipar Euskal Herria ez da, dagoeneko, “beste aldea” baino ez. Ibilbide horretan, ordea, begirune politikoa irabazi ahala, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko distantzia sentimentala gero eta handiagoa da. Gutako askok ez genuke jakingo Fiachrasen galderei erantzuten, Benito Lertxundiren kantetan geratu baitzen izoztuta Zuberoa xarmagarri hura. Susto galanta hartuko genuke hara joanda, zein euskara gutxi egiten den ikusita, adibidez. Gaur egun, Londres edo Venezia ezagutzen dugu eta ez gara sekula egon Hazparnen, Donibane Garazin edo Atharratzen.

Aberri Eguna ospatu da eta nekez gogoratu dugu Zazpiak Bat izan nahi dugula eta, nagusiki, euskal lurraldea dela abertzale guztiok batzen gaituena.