Asier ROBLES
bilbo

Hizkuntza-berdintasunaren bidean leiho gehiago ireki behar direla adierazi dute

Espainiar Estatuko hizkuntza gutxituak defendatzen dituzten eragileek martxoan Kongresuan eztabaidatutako legez besteko proposamenek leiho bat ireki dutela adierazi dute, baina oraindik hizkuntza-berdintasuna lortzeko bide luzea geratzen dela nabarmendu dute.

Euskalgintzaren Kontseiluak, aragoiera, asturiera, galiziera eta katalana defendatzen duten beste eragile batzuekin batera, prentsaurrekoa eman zuen atzo, Bilbon, martxoaren 9an espainiar Kongresuan eztabaidatu zen legez besteko proposamenaren gaineko balorazioa egiteko.

Zazpi puntuetatik hiru onartu zituen Kongresuak: «Berezko hizkuntzen ofizialtasunerako estatutu erreformak» bultzatu eta babestea; «eremu linguistiko bereko lurraldeen arteko hizkuntzen administrazio-erabilera ahalbidetzea», eta «benetako errespetua, eskubideetan zein betebeharretan eta Estatuko botere guztien jardun konprometituan oinarritua».

«Urrats txikia» izan arren, eztabaida «parametro egokietara eta erdigunera» eraman izana azpimarratu zuen eragileen izenean Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok: «Behingoz, berezko hizkuntzen kudeaketa justizia, berdintasun eta askatasunaren parametroen arabera eztabaidatzea lortu dugu».

Bilbaok eragileek izandako erantzukizuna eta malgutasuna azpimarratu zuen, baina azkenean eragileen presioari esker leihoren bat irekitzea lortu dela adierazi zuen.

Kongresuko alderdi batzuen jarrera salatu zuten eragileek: «Ulergaitza egiten zaigu zenbait alderdik benetako irmotasuna erakutsi ez izana, Madrilen esan bezala, justizian eta berdintasunean oinarritutako hizkuntza-kudeaketaren eredu berri bati hasiera emateko», esan zuen Plataforma per la Llenguako ordezkari Francesc Marcok.

Izan ere, Marcok adierazi bezala, «egungo bidegabekeriari» amaiera emateko aukera eskaintzen zuten puntuak baztertu zituen Kongresuak. «Zalantzarik gabe, egiturazko neurriak atzera bota dituzte eta, beraz, esan behar dugu oraindik hainbat alderdi benetako berdintasunaren alde egotetik urrun daudela», adierazi zuen.

Eragileek leiho bat zabaldu dela aitortu zuten baina, era berean, leiho berriak ireki beharra dagoela nabarmendu zuten.

Aurrerantzean modu bateratuan jarduteko konpromisoa berretsi zuten eta berehalako bi lan ildo abian jarriko dituztela azaldu zuen Nogara-ko Chuserra Barriosek: «Batetik, hizkuntza bakoitzak bere lurraldean abian jarriko ditu lanketak puntu horiek eragin ditzaketen ondorioak aplika daitezen ahalik eta lasterren. Bestetik, gure lana Espainiako Gobernua interpelatzea izango da». Hala, espainiar Gobernuko Lurralde Politikako ministroari bilera eskatu diote.