GARA
BILBO

Iñaki Aldekoa hil da, ezker abertzaleko diputatu eta preso ohia

Iñaki Aldekoa Azarloza 81 urterekin hil da asteazken honetan. Politikan ibilbide luzea egindako ingeniari doktorea izan zen, eta ezker abertzaleko diputatu, parlamentari eta batzarkidea.

Bere ibilbide politikoa klandestinitatean hasi zuen, EGIn afiliatu zenean. Horregatik, urtebeteko espetxealdia bete zuen Larrinagan. ETA(m)-ren jarduerekin ados ez zegoenez, ETA Berrira pasatu zen, handik laster bereizi zen arren. Ondoren, ELA sindikatuan sartu zen, eta bertan garatu zuen bere militantzia politikoa.

1977an, ESB-Euskal Alderdi Sozialista alderdi berriaren idazkari nagusi hautatu zuten. Alderdi hau Herri Batasunan sartu zenean bertan jarraitu zuen Aldekoak.

Nafarroako foru parlamentari hautatu zuten 1979an eta 1983an, Herri Batasunaren eskutik.

1982ko martxoan, «talde armatuari» laguntzea leporatuta epaitu zuten, eta hiru urtez (1983-1985) espetxean egon zen, Alcala de Henaresen.

Ondoren, 1986ko Estatu espainoleko Kongresurako hauteskundeetan HB ordezkatuz aukeratu zuten Nafarroako lehen diputatua izan zen.

Aljerreko elkarrizketetan parte hartu zuen 1989an, aholkularitza lanetan, eta Txilen bizi izan zen ondoren. Gero HBtik aldendu eta 2001etik aurrera Aralarreko Batzorde Exekutiboko kide izan zen. 2007an Arabako batzarkide aukeratu zuten, Aralar-EB koalizioarekin. Patxi Zabaleta izan du eredu politikagintzan, bai eta lagun mina ere.

Gaixo zebilen aspaldi, baina ustekabean heldu zaio heriotza. Ondoezik sentitu ondoren erietxera joan zen asteazkenean eta hor artatu ostean etxera bidali zuten, baina bihotzekoak eman zion gero. Mungia aldean eman zituen azken urteak.