GARA
IRUÑEA

Xabier Antoñana idazle, politikari eta euskaltzale nafarra zendu da

Xabier Antoñana frantseseko katedradun, kazetari, idazle eta politikari abertzale eta ezkertiarra 1933. urtean jaio zen Vianan eta bertan zendu da 88 urterekin. 1959an frantseseko ikasketak hasi zituen Sorbonako Unibertsitatean, Parisen. 1967an, berriz, Filosofia eta Letretako lizentzia erdietsi zuen Madrilgo Complutense Unibertsitatean, Frantses Filologia espezialitatean.

Logroñoko Sagasta Institutuan lanean hasi zen 70eko hamarkada hasieran, baina 1972an Erresuma Batura joan behar izan zuen, ez baitzioten eman lanean jarraitzeko eskatzen zioten Mugimendu Nazionalarekiko atxikimendua adierazten zuen portaera oneko agiria. Urtebete geroago itzuli zen, baina ez irakasle gisa. Postu hori 1978an berreskuratu eta 2003an erretiroa hartu arte mantendu zuen.

Vianara itzultzearekin bat abiatu zuen bere ibilbide politikoa Antoñanak. Lehendabizi Udaleko ustelkeria kasuak azalaraziz eta, ostean, 1979an, Lizarraldeko parlamentari gisa Iruñeko Legebiltzarrean. Ondoren Vianako zinegotzi izan zen Unidad Popular eta Euskal Herritarrok alderdien eskutik.

Jardun literarioari dagokionez, hedabide ugaritan idatzi eta hainbat lan kaleratu zituen. 1963an Donostia Hiria lehiaketan finalista geratu zen “Los nuevos lázaros” lanarekin; 1981ean, “Bidegaina, relatos de un pueblo” plazaratu zuen, eta, 1983an, “El Legaña y otros relatos” eta Bilbao Hiria Ipuinak lehiaketa irabazi zuen “La esquela”.