Jon ORMAZABAL
PILOTA

Funanbulista izaten ikasi

Jaka-Martija 13-18 aurreratu diren arren, Altuna-Mariezkurrenak partida iraultzen asmatu dute Labriten.

JAKA-MARTIJA 19

ALTUNA-MARIEZKU. 22


Azken asteetan suaren gainean dantzan ibili eta oinetan zenbaitetan erre izanak behartu zituen Altuna-Mariezkurrena lehen fasean egindako lan bikaina partida bakarrean jokatzera. Baina beste denak bezala, funanbulista ofizioa ere ekinean ikasten denez, zaplazteko horietatik altxa eta oso aurka zuten egoera iraulita, finalerdietan dira Amezketakoa eta berriozartarra, Jaka-Martijari 19-22 gailenduta. Buruz Buruko eta Binakako txapeldunak esku-eskura izan zuten orain ez hainbeste ezinezkoa zirudien finalerdietarako txartela 18-13 aurreratuta, baina azkenean ihes egin zien.

Partidak bestelako tentsio bat izan zuen lehen tantotik bertatik, baita oreka handia ere. Kantxan bi bikoteetako bakarrak ere ez zuen nabarmen agindu, hein handian, atzean ez zelako hasieran espero zen Jon Mariezkurrenaren nagusitasunik antzeman. Oso gaztea izanagatik, badaki Julen Martijak egun seinalatuenetan bere mailarik onena ematen eta, batez ere lehen erdian, aurtengo Binakako Martijarik onena ikusi genuen, serio, langile, eta batez ere, azken jardunaldian ez bezala, eskuina fresko zuela. Pentsa, gorrien hiru tantotako aldea (11-8) lehen aldiz Etxeberrikoak errebotean jarritako pilota baten ostean heldu zen. Pilotek distira izan zuten artean, eroso aritu zen nafarra.

Behetik gora

Egia da gehienean piloteoan Jon Mariezkurrena nagusitu zela, baina Berriozarreko atzelariak huts gehitxo pilatu zituen partidaren lehen zati horretan; pilota gehienek goiko txapara egin zioten ihes eta hortik hasi ziren gorrien partidako lehen aldeak iristen.

Aurrean bi aurrelariek ez zuten aukera gehiegirik izan erasoan sartzeko, baina ez batak ez besteak ez zuten askorik behar euren dohainak erakusteko. Hori bai, hasierako hutsak zuzenduta eta bere atzelaria eroso ikusita, Erik Jaka aritu zen partidaren erdialde horretan eraginkorrago. Bereziki bolearekin egin zuen min lizartzarrak, ezker eta eskuin, pilota txokoan bizi astinduz. Hasiera polita izan bazuen ere, 4-4an txokoan utzitako dejada zoragarria izan zen, Altuna partidatik atera bezala egin zen, bere atzelariaren zalantzek kutsatuta edo.

Lehen etenaldi luzera tanto bakarreko aldearekin heldu ostean (12-11), lanarekin eta Jakaren erasorako dohainei esker heldu zen Jaka-Martijaren partidako alderik handiena 18-13koan. Partidak hautsia zirudien, baina aitaren batean ihes egin zien horrenbeste kostata lortutako aldeak gorriei. Atsedenalditik bueltan, Jakaren bi kalek eta eraman gabeko sake batek partidan sartu zuen galduta ziruditen bikotea eta amildegi ertzetik ihes egiteko modua topatu zuten Altuna-Mariezkurrenak.

Saskian pilota lasaiago bat aurkitu zuten amezketarrak eta berriozartarrak eta material horrekin areagotu egin zen atzelari nafarraren nagusitasuna; gehiago gozatu zuen eta, batez ere, ez zuen batere oparirik egin. Altunak, nola ez, izugarri eskertu zuen bere bikotearen babesa.

Iazko finalista bakarra finalerdietan

Logroñoko Adarragan erabakiko da gaur arratsaldean zein den Elezkano-Zabaleta, Peña-Albisu eta Altuna-Mariezkurrenarekin batera finalerdietako ligaxka jokatuko duen laugarren bikotea. Kale edo baleko partidan, Ezkurdia-Ladis Galarza eta Olaizola II.a-Rezusta dira elkarren artan lehiatuko direnak, hau da, iazko finala jokatu zuten pilotarietatik bakarrak, bi aurrelarietako batek, izango du azken aurreko fasea jokatzeko aukera, Martija atzo kanpoan geratu ostean.

Labriteko partidan gertatu bezala, lehen ligaxkako bi lehiak sailkapenean aurretik geratu zen bikoteak irabazi zituen, kasu honetan Aspekoek, baina horrek ezer gutxirako balio du sistema honekin, aurreko hamalau asteetan egindako lanak hasierako sakea izateko ere ez baitu balio.

Egia da azkenaldian Joseba Ezkurdiak Aimar Olaizolari neurria hartua diola dirudiela; elkarren aurka binaka jokatutako azken hiru partidetan arbizuarra nagusitu da eta Goizuetakoari bereziki kostatzen zaio Aspekoak pilotari eragiten dion abiadurari aurre egitea, baina ezin da ahaztu Baikokoak partida mota honetan duen eskarmentua.

Gainera, aurrelarien jokoa oso baldintzatuta egongo da atzelariek ematen duten mailarekin. Rezustak atseden hartu zuen bere ezkerra zaintzeko eta Galarzak azken partidetako maila ona errepikatu gura du. J.O.