Amaia U. LASAGABASTER
NAZIOARTEKO TXAPELKETA

Selekzioak Zubietan du zelairatzeko hitzordua

Hiru urte eta erdiko itxaronaldiari amaiera emanez, Euskal Selekzioak Zubietan du gaur zelairatzeko hitzordua (11.00, ETB1), Basque Country International Women’s Cup txapelketan. Nigeriaren azken orduko baja eta gero, txapelketaren lehen edizioa 45 minutuko hiru partiduk osatuko dute azkenean. Aukera ederra, edozein kasutan, Euskal Selekzioa Argentinaren eta Venezuelaren aurka lehian ikusteko.

Argentina da, teorian, hiru taldeen artean indartsuena. Aldiz, ostegunean Venezuelaren aurka Lezaman jokatu zuen lagunartekoa hutsean amaitu zela kontuan hartuta, badirudi euskaldunek ez dutela arerio errazik izango. Hori bai, Venezuelak Deyna Castellanos izar nagusiaren baja izango du, aurrelariak arazo fisikoak nabaritu baitzituen osteguneko lagunartekoan. Bi selekzio amerikarrek jokatuko dute lehen partida, 11.00etan. Ondoren, Euskal Selekzioa Venezuelaren kontra ariko da eta euskaldunen eta Argentinaren arteko partidak emango dio amaiera txapelketari.

Hamar debutari

Jokalari askok jantziko dute selekzioaren kamiseta lehen aldiz; hemezortzi hautatutakoetatik hamarrek hain zuzen. Horien artean dago Sophie Istillart, selekzioarekin jokatuko duen Ipar Euskal Herriko lehen futbolaria. Iñigo Juaristik eta Aintzane Encinasek Yulema Corres, Eunate Arraiza, Ane Azkona, Andrea de la Nava, Naroa Uriarte, Ainhoa Vicente, Maria Diaz, Amaia Peña, Marta Perea, Oihane Valdezate, Nerea Abancens, Sheila Elorza, Leire Baños, Ane Etxezarreta, Itxaso Uriarte, Ainize Barea eta Maite Oro ere deitu dituzte.