Mikel ZUBIMENDI
MENDIGOXALE MUGIMENDUAREN MENDEURRENA

MENDIAN GORA ABERRIA ASKATZEKO IRRINTZIA DABIL

Orain dela mendebete sortu zen abertzaletasunaren historian indar handia izan duen mendigoizaleen mugimendua. Mendira jo zuten mendigoizaleek nazio askapena ardatz hartuta, gerran gudarien batailoiak osatu zituzten eta aztarna handia utzi dute.

Iazko uztaileko EAEko hauteskundeetako kanpainan gertatu zen pasadizo batekin hasiko gara, nonbaitetik hasi behar baita beti. Andoni Ortuzar EAJko buruak, bere estilo partikularrarekin, «el PNV se va a echar al monte» aldarrikatu eta botoa eskatzeko Arabako Zaldiaran, Bizkaiko Serantes eta Gipuzkoako Ernio mendiak igotzera deitu zituen bereak, kanpaina pixka bat egitera. Ai Urkullu lehendakaria txistua jotzen mendian gora azaldu zeneko argazki hura! Ene, ene!

Bada, Ortuzarren leloa 1995ean Jarrai gazte antolakundeak Beratik Garazira deitu zuen mendi martxaren «nos vamos a echar al monte y vamos a cruzar la muga» ideiaren kopia izateaz gain, ez zen mendian gora egitera deituz botatako lehen irrintzia izan. Eta ez da azkena izango ere.

EAJtik Jarraira, Mendigoxaleetatik Martin Zabaletara, mendiak sigla eta izen guztiak baino erro sakonagoak ditu Euskal Herrian. Mendia espiritua da, arbasoena bezala gure babesleku, arnas da eta zeru, irtenbide erreala eta kontzeptuala. Zertarako igo mendiak? Hor daudelako, hemen, gure aurrean, ginenaren eta izango garenaren lekuko.

Euskal Herriko mendizaletasunaren historiak mendebete duen Mendigoxaleen mugimenduarenak baino atzerago, askoz atzerago egiten du denboran. Pentsa, jada duela ia bi mende, euskaldunek Txinan eta Etiopian 5.000 metroko mendiak igotzen zituzten, Antoine D’Abadie eta Armand David adibide. Eta mendizaletasuna konkista kulturala ere badenez, Ingalaterrako elite aberatsek Alpeetan nola, euskal elite aberatsek popularizatu zituzten Luzongo luxuzko bainuetxetik Anetora igoerak, Pirinioen aroa zabalduz.

Ez dira berdinak, baina kirol mendizaletasuna eta mendizaletasun politikoa eskutik helduta joan izan dira sarri –ez mendigoxaleen forma berean, jakina, baina bai barne eta herri bulkada bezala–. Esanahi sinbolikoa eta praktika politikoa uztartu egin dira mendian, aldarrikapena eta otoitza, euskal kantua eta borrokarako entrenamendua, dena. Berdin dio “mendigoizale” hitza Kirikiñoren neologismoa den edo Euskaltzaindiak “mendizale” onetsi izana. Eztabaida horiek baino sakonagoa den beste esanahi bat gordetzen dute Aralar, Gorbea, Ernio edo Larraitzek, memoria kondentsatua daukate, arbasoen eta gure bizipen kolektiboa, promesa askoren zaindariak dira.

Mendigoizalea, izate bat

Kalamuara mendi martxa egin ostean Arraten jaio zen ofizialki Euzko Mendigoxaleen Batza, 1921eko apirilean. Bere denboraren eta orduko eztabaiden semea izan zen mendigoizaleen mugimendua. Gaur bezala orduan ere, abertzaletasunean bazegoelako saltsa eta haserre franko. Bitan banatuta zegoen Sabino Aranaren «partidua», Komunioa eta Aberri bandoetan. Eta mendigoizaleek posizioa hartu zuten iskanbila haien aurrean, ez ziren isilik egon, eta are alderdiaren zatiketetan parte hartu zuten, EAJk gerraurrean izan zuen Jagi-Jagienean kasuko.

Sabino Aranaren alderdia bitan zatituta, Bizkaian indar handia eta Bilboko Euzko Gaztedin oinarri izan zuen Aberrik sortu zituen Bizkaiko eta Gipuzkoako mendigoxaleen batzak, baita Emakume Abertzale Batza eta hainbat antzerki talde garaikide ere, hein batean abertzaletasun irlandarraren ereduan inspiratua, haren eraginpean, bizitza sozialaren eta pribatuaren eremu ezberdinak antolatu beharra zegoela sinisturik.

Euskal Herriko historian izen eta itzal handia izan duten abertzaleek dinamizatu zuten mendigoizaleen mugimendua. 1934an Mikel Alberdi –36ko gerran hil zen lehen gudaria–, Manu Sota Txanka edo Eli Gallastegi Gudari kasu. Mendigoizaleek euskarazko klaseak ematen zituzten, euskal dantzak irakatsi, doktrina politikoa zabaltzen zuen Pizkundia elkartea sortu zuten. Baina mendi martxak ere antolatzen zituzten, gerraurrean milizia armatuen forma ere hartu zuten, entrenatu eta indarra erakusteko.

“Mendigoxalea” izate bat izan zen. Mendigoizale onak euskara jakin eta hitz egin behar zuen, euskal kantu eta dantzak kantatzen eta dantzatzen jakin behar zuen; katolikoa behar zuen, pertsona sanoa, eredugarria. Mendigoizalea prestakuntza fisikoa zaintzen zuen gudaria ere bazen, herri kirola praktikatzen zuena, eta milizianoen zutabeak eginda mendi martxa luze eta gogorrak egiten zituena.

Aberriaren alde sakrifizioa onartzen zuten, askok baita aberriaren alde bizitza ematea ere. Jagi-Jagien idatzietan esan zen bezala, «Aberriaren aldeko sakrifizioa askatasun osoa lortzeko bide bakarra da». Eta, zalantzarik ez, “mendigoxaleen” paramilitar motako barne egitura, nagusi batek gidatutako talde txiki askoren aldeko antolaketak, zerikusi handia izan zuen etorkizuneko euskal gudarostearen ernamuina izan zenarekin. Mendigoizaleak milizia abertzaleen harrobia izan ziren, gerra betean gudarostearen bizkarrezurra. Eta armak hartzeko deia zabaldu zenean, han egon ziren, presente, milaka eta milaka, eskopetekin armatuta, borrokarako deiari erantzunez.

Nazio askapenerako gerra

1930ekoa “mendigoxaleen” mugimenduaren urrezko hamarkada izan zen. Dozenaka talde antolatu zituzten, milaka jarraitzailerekin; aberriaren propagandista eta borrokarako indar bezala egitura mailan asko zabaltzeko balio izan zion horrek. 1931ko abuztuaren 30ean, esate baterako, 3.000 mendigoizalek formazio perfektuan desfilatu zuten Deban; edo 1932an Bilbon ospatu zen lehen Aberri Egunean 5.000 aurkeztu ziren pronto, gauez Ganekogorta, Oiz, Sollube, Kolixa eta Gorbeia mendietara martxak egin ostean; milaka gazte batzen ziren Sabino Aranak Sukarrietan duen hilobia bisitatzeko martxetan, berdin Aralarko San Migel zaindariari egindako martxetan ere.

Hor gelditu dira, historiarako lekuko eta laboratu behar den memoria baten ondare, Jose Antonio Agirre 1936ko urriaren 7an lehendakari hautatu zuten ekitaldian entzun ziren “mendigoxaleen” protestak, «Estatutua ez, independentzia bai!» oihuak, eta Agirrek «Gora Euzkadi» batekin erantzutean, «Askatuta!» nola gehitzen zioten “mendigoxaleek”. Izan ere, ez ziren Errepublika espainolaren aldekoak, alderdi espainolekin egindako euskal gobernu baten aldekoak, eta hori nabarmentzeko egin zuten ospa Gernikako Juntetxetik, horregatik ez zuten parte hartu sortu berria zen euskal gobernuan.

36ko Gerra jeneral espainol batzuen estatu kolpe baten ondorioz sortu zen, erregimen faxista eta katoliko bat ezartzeko. Baina “mendigoxaleek” ez zuten Espainiako Errepublikaren alde borrokatu nahi, hori ez zen beraien motibazioa. Euskal Herriaren independentziaren alde hartu zituzten armak eta horregatik borrokatu ziren.

Azkenean, gerra nazio askapenerako egitea kezka hartuta, bi batailoi osatu zituzten mendigoizaleek, “Lenago il” –Sabino Aranak Larrinagako kartzelan preso zela idatzitako poematik hartutako izena– eta “Zergaitik ez”. Arratian kuartela eta Gorbeiako mendi-magaletan gudalekua izan zuten, abiazio faxistaren bonbardaketak sufritu zituzten eta askok Santoñan italiarren aurrean errenditu ziren gudari batailoien patua ezagutu zuten.

Abertzaletasunaren ondare

Jakina, gerrak hori dauka: hautatu beharra dago eta erabaki behar izan zen: edo parte hartu nazio askapenerako gerra izan zedin edo neutral jokatu gerra espainol batean. Eli Gallastegirentzat, Luis Arana Goirirentzat, Sabinoren ondorengo EAJren buru Angel Zabalarentzat, Manuel Irujo Largo Caballeroren ministro ikustea ez zen onargarria. Oso mingarria izan zen, EAJren deriba baten isla. Abertzaleek hemen Fronte Nazionala defendatu behar zuten, ez Fronte Popularra Madrilen. Eta gerra aberria askatzeko aukera bezala aprobetxatu behar zen.

Baina egiaren orduan, arre edo iso erabaki behar zenean, tiroen eta kanoikaden hotsak mintzatu zirenean, gerrara joatea erabaki zuten, nazio askapenerako gerra baten ideiarekin. Gipuzkoako “mendigoxaleak” Loiolara batu ziren berehala eta Kandido Saseta kapitainaren aginduetara jarri ziren, egiari egia zor, euskal gudarostearen milizia antolatzeko. Eta historiaren ironiak eta bere minak zer diren! Mikel Alberdi gaztea zen eusko gudarostean mendigoizaleen ordezkari, Gipuzkoako mendigoizaleen lehendakari eta Euzko Mendigoxale Batzako lehendakariorde; 300 mendigoizaleren milizia-buru zebilela Bidanian hil zuten, ezagutzen denez behintzat, gerran eroritako lehen gudari bilakatuta.

Bizitza eta corpus ideologiko propioa hartu zuen mugimendu autonomoa izatera iritsi ziren mendigoizaleak. Eli Gallastegiren (Bilbo 1892-Donibane Lohizune 1974) pentsamendua gakoa izan zen horretarako, bere hitzek ezin hobeto adierazten zuen zer ziren: «Askatasuna maite duten eusko abertzaleak gara, propioa eta besteenarekin errespetagarria den askatasun baten aldekoak, etxean sortu eta eskolan, kalean eta tailerretan zabaldu nahi duguna, gure herriaren burujabetasuna lortzeko gobernu tresna bilakatu dadin».

Sabino Aranaren propagandista leial eta kausa abertzalearen jarraitzaile izateko jaio zirenak, Aranaren pentsamenduaren funtsaren eta erradikaltasunaren zaindariak izateko misioa zutenak, beren ideiak Euskal Herriko mendi eta parajeetan ibilaldiak antolatuz eta mitinak emanez zabaldu zutenak, EAJren adar erradikalizatu eta independentistenean lerratu ziren. Nolabait, mendigoizaleen historia 1910 eta 1920 arteko urte haietan EAJko Aberri adarrekoek edo 30eko hamarkadako Jagi-Jagikoek izan zutenarekin lotua dago. Garaiko abertzaletasunaren mutur ekintzaileenaren, sutsuenaren, masiboenaren adierazlea batira mendigoizaleak.

Eta horixe baietz, gero gorpuztu zen ezkerreko euskal independentismoa ulertzeko, ETA eta ezker abertzaleraino doan hariaren mataza berekoak dira mendigoizaleak. Mugimendu bezala desagertu ziren, baina mendia zaletasun bezala inoiz baino biziago dago eta abertzaletasunak inoiz baino gehiago behar ditu bidea berriz argituko duten mendiak, desafioak eta ahaleginak. Mendigoizaleen memoria eta adibidea geratzen zaigu, herri honen ondare bizi eta haragitu. Gugan beude beti eta beteki.