Maider IANTZI GOIENETXE

«Bekatorosak» liburu grafikoa, homofobiaren aurkako arma

«Bitxi izaten ahal da homosexualitatea ez dela benetan onartua, ez garela integratuak sentitzen gizartean, baina egiazki ez da hain harrigarria. Zinez gomita bat izaten ahal da liburua, anitz gauza ikasteko». Hala aurkeztu du Dom Campistron aldudarrak «Bekatorosak» obra.

Gaiagatik, ezagutzera eman digun testigantza eta inguruagatik eta formagatik da berezia “Bekatorosak” liburu grafikoa, Dom Campistron Aldudeko 26 urteko sortzaileak Elkarrekin argitaratu duena. Zazpi maitasun eta borroka historiaren lekukotzak jasotzen dituen lan intimoa da. Ttipia izan arren, edo justu horregatik, homofobiaren aurkako arma izan daitekeena.

Antxiñe Mendizabal Elkarreko editoreak atzo online egindako prentsaurrekoan agertu zuen bezala, hitzak eta marrazkiak uztartuz berezko hizkuntza bat sortu du Campistronek. «Horrek erakargarri bihurtzen du. Liburu gaztea da daukan mugikortasun eta adierazpenagatik». Gozatzeko lana da. «Asko dauka ahozkotasunetik, lekukotzak jaso direlako, idazkera txukunarekin baina freskotasunik galdu gabe. Horregatik dira lekukotzak hain hurbilekoak».

«Bekatorosa naiz eta hala sortu nintzen». Hala aurkezten du bere burua Dom Campistronek liburuaren sarreran, bere esperientziatik abiatzen baita lana. «26 urte ditut eta Aldudekoa naiz. 16 urterekin neska batez maitemindu nintzen eta jende anitzek bezala bakartasun handi batean bizi izan dut ene nortasuna», azaldu zuen atzo.

Ilustrazio ikasketak ditu, eta betidanik nahi izan ditu istorioak kontatu, hori egin lan gisa, gauzak erran. «Jende anitzek ez dutela hainbertze irakurtzen pentsatzen dut eta marrazkiak egia harrapatzen duela uste dut testuak baino gehiago». Ideia horrekin osatu du lana.

Horrez gain, elkarrizketak bekatorosa bakoitzaren sorterrian egin zituen, Nafarroa Beherean, 2019ko udan. Eta etxean izatea, konexio hori ukaitea garrantzitsua izan da egilearentzat. «Batzuk ezagutzen nituen, asko maite ditut. Behar da konfiantza homosexual istorio bat partekatzeko». Agertu zuenez, umil, isil izatea, ez sobera azaltzea izaten da ohikoena, arazoetan ez sartzeko. «Badakit batzuek animaleko ahalegina egin dutela. Konfiantzazko giro bat sortu dugu, ni amodioz betea bainintzen eurendako. Elkarrekin landu dugu formatua, irakurtzeko esperientzia. Liburua aski ttipia da eta erostea ere aski intimoa izaten ahal da, errazki gordetzen ahal delako poltsan». Horri ere inportantea deritzo.

Saretzeko beharra

Liburuak izandako erantzunaz galdetuta, «badut lagun bat ez duena sekula leitzen eta lehen aldikoz irakurri zuen hasieratik bukaerara lokartu gabe», erantzun zuen idazleak. Bertze irakurle batzuek irrati bidez izan zuten obraren berri, baina ez zuten hala irudikatzen eta eskuetan hartu eta «arrunt esperientzia bitxi eta harrigarria» izan dute. Hirugarrenik, egilea ohartu da homosexualitatea aipatzean jendeak interes bizia duela gai hori lantzeko eta gehiago aipatzeko. Testigantza eman duten anitzek erran diote indarra hartu dutela liburua berriz irakurtzean eta behar bat sentitzen dutela euren artean saretzeko.

Elkar ere «bereziki pozik» dago orain arte jasotako iritziengatik eta «modu ezberdinean saretzeko eta elkar ezagutzeko» aukera eman dielako liburuak. «Gure helburua bete dugu eta liburua ahalik eta esku gehienetara iristea nahiko genuke orain, gozatzea, horretarako delako», adierazi zuen Mendizabalek.

Adin ezberdinetako bizipenak

Liburuaren egiturari dagokionez, zazpi testigantzak atal banatan antolatuta daude eta ez da protagonisten izenik ematen. Adin ezberdinak dituzte: 50 urtetik gora ditu zaharrenak eta gazteenak 24 urte.

“Bekatorosak” izenburua, herri ttipietan erlijioak izan duen eta oraindik baduen pisuarekin lotua dago. «Gaztetan igande guziz joaten nintzen elizarat. Apezaren ondoan egoten nintzen. Gure herri ttipietan denok egin dugu hori. Erlijioan eta elizan ez da lekurik homosexualitatearendako; emazteendako ere ez», kontatu zuen Campistronek. Familiako batek erran zien berari eta neska-lagunari «bekatorosa batzuk sartu dira etxean», eta hortik izenburua.

Obra «aski fite» egina da, urte bat edo gutxiagoan. Udan elkarrizketak egin eta neguan, «aski kalme baita», ilustrazioak egiteko aprobetxatu zuen. «Ez naiz joan ikastolara, batuan ez nuen lehenago idatzia, testu anitz da eta dena eskuz egina da. Esperientzia biziki interesgarria izan da, ene hiztegia emendatu dut», azaldu du. «Hiztegia denok aberastu dugu. Ez gaude ohituak halako hiztegia jasotzen», erantsi du editoreak.