GARA
BILBO

EHUren Uda Ikastaroek 40 urte beteko dituzte geroaz gogoeta eginez

«Berrikas dezagun» lemapean egingo da EHUren Uda Ikastaroen 40. edizioa. Eta antolatu dituzten 180 kurtsoetatik gehienak aurrez aurre emango dituzten arren, «online» ere jarraitu ahal izango dira. Matrikulatzeko aukera zabalik dago jada, Uik.eus webgunean.

EHUko Uda Ikastaroek edizio borobila izango dute aurtengoan, 40. a, eta atzo eman zituzten xehetasunak Eva Ferreira presidenteak eta Itziar Alkorta zuzendari akademikoak, BBVA Fundazioaren Bilboko egoitzan.

Azaldu zutenez, “Berrikas dezagun” lelodun edizio honetan bi modalitatetan eskainiko dute programazioa: aurrez aurre eta zuzenean online bidez. «Bigarren modalitate horrek oso ondo funtzionatu zuen 2020an eta aukera eman zuen geografikoki urrun zeuden ikasleengana heltzeko. Oztopoak gainditu ziren eta orain bost kontinenteetara iristen dira Uda Ikastaroak».

Aurtengo eskaintza zazpi erronkatan oinarritzen da. Lehenengoa, hezkuntza, gizartea garatzeko faktore gisa. «Zer eta nola irakatsi. Ikasten ikastea eta irakasten ikastea. Esperientzia onenetatik ikasiz, eta arreta haurrengan ipiniz». “Eskolaren erronka digitalak” bezalako ikastaroek aukera emango dute gogoeta egiteko etorkizuneko eskolaren gaitasunei buruz.

Nola zahartu nahi dugu?

Zahartzea da beste erronka bat. «Gizarte zahartu batean bizi gara, eta gero eta zaharragoa izango da. Hori lorpentzat ere har daiteke. Dena dela, nola bizi nahi dugu gure zahartzaroa? Zer zaintza eredu nahi dugu? Nola birpentsatu gure bizilekuak, hirian nahiz landa eremuan, sozialki jasangarria izango den bizikidetza lortzeko?».

Ingurumen, ekonomia eta gizarte iraunkortasunaz ere gogoetatuko dute. «Behartuta gaude goitik behera birplanteatzera gure bizi estiloak, ingurumena babesteko». Gai hori eta gehiago aztertuko ditu BC3 zentroak.

Izurritea ere aztertuko dute. «Ikasi egin behar dugu, begirada norabide egokian jartzen berrikasi. Berrikasi, adibidez, ‘osasun publikoa’ pertsona guztiak barne hartzen dituen kontzeptua dela». Beste proposamen batzuen artean, Gipuzkoako Erizainen Elkargoak eta EHUk funtsezko ikuspegiak azalduko dituzte bizi izan dugun errealitatearen alderdi etikoei buruz.

Behin eta berriz aldarrikatu den “kogobernantza” ere protagonista izango da edizio honetan, generoa bezala. Emakunderen proposamenak arreta ipiniko du zaintza erdigunean jarriko duen gizarte bat eraikitzeko egin behar diren urratsetan. Euskal kulturari dagokionez, duela gutxi berpiztu da euskaldunon antzinatasunari buruzko eztabaida. Eta eztabaida haren oihartzuna bildu nahi duen ikastaro bat eskainiko dute, “Euskara Antzinaroan” izenburua duena.