Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Paradisua

Denbora neurtzeko modu desberdinak daude. Azken urtean, sarri kexatu gara orduak astiroegi igarotzen omen zirelako. Etxetik ehun metro eskasera, berriz, lanean hamalau eta hamasei orduz jardun diren Osasunbideko langileak ditugu. Eurentzat, igarotako ordu bakoitza gaixo bat salbatzeko ordu bat gutxiago izan da. Oso ezberdin neurtzen dugu denbora batzuek eta besteok.

Aste Santua prozesiorik gabe igaro da berriz ere, eta antza denez, batzuek eta besteek penitentziarik ez egiteko aitzakia ederra topatu dute. Guk, berriz, oporrak etxean eman ditugu, kasik irten gabe. Egoerak hobera egiten duenean egingo dugunaz aritu gara. Denbora gure desiretara egokituko den lekura joanen gara. Denbora gure neurrira egokitu eta horrenbeste merezi dugun bakea lortuko dugun lekura. Kanaria uharteetara joango gara.

Askori denbora betiko gelditu zaien uharteetan topatuko dugu gure lasaitasuna. Arnasa bila joanen gara, beste horrenbeste ito diren lekura. Aste Santuan ezin izan dugu bidaiatu eta joan arte kexaka jarraituko dugu.

Han, non guk paradisua topatzen dugun, haiek infernua aurkitzen dute. Handik gurera datozenak paradisuaz eta infernuaz, ongiaz eta gaiztakeriaz, diharduen erlijioaren oinarrietatik gatozelako datoz, itotzetik salbatuko ditugun fede itsuaz. Eta ez naiz errudun sentimenduaz ari, erantzukizunaz baizik.