Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Soldata

Kosta egiten zait kantuei prezioa jartzea; ez dakit zer ordain merezi duen inspirazioak, eta hura zizelkatzen edo gorpuzten emandako orduek eta lanak. Ez ditut matematikak gorroto, beste fikzio mota bat dira. Hamaika aldiz esan didate zenbakiekin ere joka daitekeela irudimena, egin daitekeela artea, baina nahiago izan dut sormena beste esparru batzuetan xahutu, eta orain kontuak, estutasunak, kezkak... Zein da egindakoaren balorea? Euro bat, idatzitako hitz bakoitzeko? Erabilitako akorde bakoitzeko? Kantuak pentsatzen, mamitzen, sortzen, egiten emandako ordu bakoitzeko? Entsegu ordu bakoitzeko? Zer nolako logaritmo konplexua asmatu beharko da 30 urteko lanaldi musikalaren sari justua kalkulatzeko?

Koitadua ni, ez dagokit niri hori zehaztea. Sormenean ere kapitalismo basatia da lege. Berdin dio lanegunaren iraupenak, lan-jardunak, ez da ordaintzen antzinatasunik, ezta aparteko ordurik edo gauekotasunik ere. Eskaintza-eskariaren lege unibertsal basatiaren araberakoa da sortzailearen soldata. Merkatu-prezioak agintzen du. Ez da aski lan egitea; alferrik ari zara, lan horren emaitza ongi saltzen ez bada.

Bob Dylanek 300 milioi euro baino gehiagoren truke saldu ditu bere kantuen egile-eskubideak. Neil Youngek eta Paul Simonek ere saldu dituzte beraienak; aspaldi omen daude funts pribatuen eskuetan Beatles taldearen kantuak. Eta Moraurenak zer, zenbat balio dute egun Morauren kantuek? Eskaintzak jasotzeko prest nago, ea erretiro txukun baterako adina sos eskuratzen dudan.