GARA
BILBO

Suzko barrikada Tubacexen sarreran, 129 kaleratzeren bezperan

Azken orduko aldaketarik ezean, 129 langile kaleratuko ditu Tubacexek gaur, eta horren aurka Aiaralde osoan azken bi hilabeteotan piztu den erantzuna gogortu zen atzo. Suzko barrikada bat egin zuten Amurrioko lantegiaren sarreran, 8.00 aldera.

Bertan ziren langileak, 63 eguneko protestari eusten, eta Ertzaintza ere bertaratu zen. ‘‘Borroka da bide bakarra’’ eta ‘‘Hemen ez dago inor soberan’’ aldarrien inguruan batu ziren langileak. Grebarekin bat egiten ez duten langileen autobusa oztopatzea zuten helburu, baina Ertzaintzak eragotzi egin zien. Suhiltzaileek barrikada itzali zuten eta ez zen istilurik izan.

Laudioko lantegian ere Ertzaintza azaldu eta lanuztearekin ados ez dauden langileak fabrikara sartzea ahalbidetu zuen.

Sindikatuek jakinarazi zutenez, zuzendaritza langile guztiei deika ari da, banan-banan, lanera itzul daitezen exijituz.

LABek, bere aldetik, biziki eskertu du EH Bilduko Oskar Matute Kongresuan Tubacexeko langileen alde agertu izana, bandera eta guzti.