Floren Aoiz
@elomendia
JOPUNTUA

Errua, oraingoan, britainiar aldaerarena da...

Kutsatzen diren hamar pertsonetatik bat ospitalera; hori da marka enegarren olatu honetan Nafarroan, azken datuen arabera. Hobera gindoazela esaten ziguten, baina oraingo berri txarren errua britainiar aldaerarena da. Hasieratik baztertu zen agintarien ardura; gauzak okerrera badoaz, birusarena, gurea, hotzarena, txertoarena edo batek daki zerena izan daitekeen, baina inoiz ez agintariena. Zaila da Iruñean zehar ibiltzea kolore bateko, besteko edo guzietako poliziarik ikusi gabe –denak supermerkatuetako langileen aurretik txertatuak, bistan denez–, baina ez omen dute birusa harrapatzen, eta, bien bitartean, gazteak zirikatzen ari dira, gauza jakina baita halakoetan norbaitek ordaindu behar duela faktura, jendarte satanizazioaren bidez. Norbaitek jakin nahi baldin badu nora doazen denon diruak hain beharrezkoak diren une hauetan, hortxe du erantzuna.

Txertoen komediak aurrera jarraitzen du, anartean. Lehen faltan zeuden; orain, alta, soberan, egunero asmatzen eta zabaltzen baita beren emankortasuna kolokan jartzeko mezuren bat. Denok dakigu hildako kopurua handituko dela txertaketa geldituz edo mantsotuz gero, baina tronboen arrisku mugatuaren beldur dira gobernuak. Neoliberalismoaren inguruko klase magistral izugarria, gure begien aurrean duguna: agintariak erabat gaindituta daude, kapitalaren kolonizazioak estatuak ahuldu dituelako, erabakiak hartzeko zailtasunen artean erabakiak hartzeko ezintasuna bera nagusitzen ari delarik. Ez dago interes farmazeutiko-mediatikoak eta beren arteko lehia kriminalak menperatzeko indarrik, ezta termino horietan pentsatzeko ausardiarik ere, eta Europaren irudia munduaren aitzinean patetikoa da. Mundua menperatzetik ezintasunera, erabaki guzietara berandu eta eskuak lotuta iristen baita.

Agintarien arduragabekeriaren aitzinean zerbait egin beharko dugu, ezta? «Herriak soilik salba dezake herria», dio leloak eta, oraingoan, literala delakoan nago.