Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Esparrua

Oraindik gogoan dut Dario Urzai artistak Athleticeko zuzendaritzaren enkarguz diseinaturiko elastikoak eragin zuen zalaparta. 2004ko ekainean aurkeztu zuten aipatu elastikoa, ez Ibaiganen, ohiturak eskatu bezala, Bilboko Arte Ederren Museoan baizik, artelana baitzen elastikoa eta horrelakoek beren esparru propioa dute. Hainbat sari jaso zituen Urzairen elastikoak, etxean zein nazioartean. Gaur egun Artium museoko bildumaren parte da 2004-05 denboraldian Athleticek jokatu behar zituen Txapeldunen Ligako partidetarako propio diseinaturiko elastikoa. Bada, zale askori ez zitzaien elastikoa batere gustatu; manifestazio bat ere antolatu zuten beren atsekabea adierazteko eta “betiko” diseinuaren itzulera eskatzeko. Elastiko polemikoa behin bakarrik erabili zuen Athleticek, 2004ko abuztuan, Holandako Groningenen aurka denboraldi aurreko partida batean. Handik aste batzuetara hauteskundeak izan ziren eta zuzendaritza berri batek hartu zuen taldearen lema eta “betiko” diseinura bueltatzeko erabakia.

Duela astebete pasatxo, Athleticek Realaren kontra jokatu behar zuen Espainiako Errege Kopako finalaren harira, xingola zuri-gorriekin apaindu zuten Bilboko Arte Ederren Museoa. Gizarte sareen bidez zabaldu zuen museoak berak hiriko taldearen omenezko ekintza. Zaleek ez zuten txintik esan, ezta manifestaldirik antolatu ere. Izan ere, museoak “betiko” diseinua errespetatu zuen apaingarri gisa aukeraturiko xingolan. Arteak bere esparru propioa baitu, baina futbolak ororen gainean agintzen du.