Kontxita Beitia Oiarbide
KOLABORAZIOA

Intsumisioa bukatu zen eguna

Aurten ospatzen dugu, ospatzekoa baita, intsumisoek denbora luzez egin zuten borroka gogorra eta mingarria bukatu zela. Ez ziren gehiago soldaduska egitera behartuak izango gure gazteak! Horrela esan omen zuen garai hartako ministroak: «Se acabo la mili». Zenbat zigor, epaiketa, arazo, espetxe, une txar, politak ere bai batzuetan, zuen manifak antolatzen zenituztenean. Denok elkartuta abesten, atzera eta aurrera, eta beste gauza asko. Ez zineten bakarrik egoten. Han ginen zuen lagunak eta etxekoak. Aita, ama, anai-arrebak; denok, guk ere ez genuela soldaduska maite azaltzen. Kentzeko. Ez zuela ezertarako balio. Eta mutil gazteek bizitza bi zatitan bizi zutela, milira joan aurretik eta milia egin eta gero. Hogei urte inguru zenituztenean, dena utzi eta kuartel batera joan, denbora luze bat pasatzera, arma artean, militarren artean... eta ez zenuten hori nahi. Beste bizitza mota bat amesten zenuten. Eta lortu zenuten! Borroka ez zen alferrikakoa izan. Ez horixe!

Orain hogei urte soilik bukatu zela gogoratzean, konturatzen gara gaurko mutilek ez dakitela ezer borroka hari buruz. Beste gauza askotan ere gauza bera gertatzen da. Ikastolak nola sortu ziren, adibidez. Eta ez dut hori nahi. Historia gurea da, guk egin dugu, zuek, denon artean.

Zuena izan zen intsumisioaren garaipena eta proposamen bat egin nahi dizuet, baina serio hartzeko. Nik horretan esperientzia handiak izan ditut eta izugarrizko poza ematen digu gure bizitzako gure ekintzen transmisioa egiteak. Eta entzule gazteek jartzen duten arreta... ETB1en “Itxi liburuak” emankizunean egiten duten bezala. Historia kontatu, galderei erantzunak eman.

Zuek, gainera, ez duzue inor behar une hura nolakoa izan zen erakusteko, zuen unea da, zuek bizitakoa. Eta zuen bizitzaren zati hura erabiliko duzue garai hura azaltzeko! Eta sentsazio guztiak ez dituzue berdinak izango. Binaka edo hirunaka ere elkartu zaitezkete kontu horiek esateko edo mahai inguruak antolatu... Ze aberastasun!

Asko zarete. Bakoitza bizi den herrian egoten bada lanbide eskola, institutu edo unibertsitateko historia irakasleekin, adostu, eta joan ikastetxera eta kontatu zuena, bakoitzak berea. Oso ederra izango litzateke hogei urte hauek gogoratzen ditugula azaltzea, oraingo gazteek jakin dezaten ze nolako lasaitasuna jaso duten zuengandik eta zuei esker ez dutela beraien gaztaroa bi zatitan puskatu beharra, zuei gertatzen zitzaizuen bezala.

Gora intsumisioa! Denontzat, neska, mutil, gazte, heldu, aita, ama, aitona-amonak, denok gogoratu eta jakin behar dugu zer lortu zenuten zuek gazte zinetenean. Aupa zuek!