Maider IANTZI GOIENETXE

Kalean da Arendten «Indarkeriaz», «gazte eroentzat» ezinbestekoa

Itziar Diez de Ultzurrunek itzuli eta Katakrakek argitaratutako Hannah Arendt-en «Indarkeriaz» liburuak pentsalari honen xede bat lortzen laguntzen du: «Klixeen bidez pentsatzeari uztea». Hitzaurrearen egile Mario Zubiagak dioen bezala, horregatik da gomendagarria hasiera berri bat nahi dutenentzat. «Gure errealitate historiko luzea ulertzeko tresneria» eskaintzen du; besteak beste, indarkeriaren zilegitasunari buruzko eztabaidei ekarpena eginez.

Liburu-dendetan da Hannah Arendten “Indarkeriaz” (Katakrak), Mario Zubiaga hitzaurrearen egileak dioenez, hasiera berri bati bide eman nahi dioten adin guztietako gaurko eta biharko «gazte eroentzat» irakurgai ezinbestekoa, hagitz ausarta eta kritikoa delako. Eta, Hedoi Etxarte editorearen hitzetan, heldulekurik gabe pentsatzen duelako. Itziar Diez de Ultzurrunek itzuli du jatorrian, 1969an, “On violence” izenburuarekin argitaratu zen obra.

Hannah Arendt (Hannover, Alemania, 1906ko urriaren 14a - New York, Ameriketako Estatu Batuak, 1975eko abenduaren 4a) pentsalari oparoa izan zen. Aunitz idatzi zuen: gutunak, artikuluak, liburuak... Foro ugaritan ere parte hartu zuen. Hain zuzen, eztabaida publiko horietako bat izan zen, 1968ko gertaerekin batera, “Indarkeriaz” lanaren hazia. 1967ko abenduaren 17an «indarkeriaren zilegitasunaz» eztabaidatu zuen Arendtek Noam Chomsky, Conor Cruis O’Brien eta Robert Lowell-ekin.

Kontrarioak, serio aztertuak

Joan den ostegunean Internet bidezko topaketa batean elkartu ziren Diez de Ultzurrun, Zubiaga eta Etxarte, kazetariekin batera, liburua aurkezteko. Etxartek agertu zuenez, Arendtek «filosofo izaerari berari uko egiten zion; oro har, nonbait kokatu nahi zuten ahalegin guztiei egiten zien uko». Eta «tamalez, ezohikoa den zerbait egiten zuen»: kontrario politikoak hitzez hitz eta seriotasun erabatekoarekin aztertzen zituen. Haiek irakurtzen zutenera jotzen zuen, kontrarioen iturri guztiak leitzen zituen, erraten eta egiten zutena alderatzen zuen.

«Bitxia da liburu hau euskaraz orain arte ez argitaratzea», adierazi zuen editoreak, «gurea, munduko edozein bazter bezala, politikaren eta indarkeriaren, zilegitasunen eta kondenen lurra izan delako eta delako. Esanguratsua da».

Arendt XX. mende hasieran Europa ekialdetik zetorren familia bateko alaba zen eta berarentzat inportantea izan zen ama, Rosa Luxemburgen lagun eta jarraitzailea. Baina ez zetorren Alemaniako ezkerreko pentsamendutik. Bizitzan aurrera egitean ulertu zuen Marxen garrantzia. Bere «jatorria», inon egotekotan, filosofia alemanean zegoen. Eta horrek eragin du, Etxarteren arabera, bere obrarekiko ezkerraren mesfidantza.

Itziar Diez de Ultzurrun Sagala itzultzaileak pentsalariaren zenbait gogoeta azpimarratu zituen itzulpena egiten ari zela. Honakoa, adibidez, aunitz gustatu zitzaion: arrakala dago egia teorikoen eta errealitatearen artean. Horregatik jotzen zuen idazleak iturrietara, orduko gazteak irakurtzen ari ziren autoreen teorietara, aldeak azpimarratu eta ikusarazteko.

Itzulpenari dagokionez, bi kontu izan ziren Diez de Ultzurrunentzat katramilatsuenak. Alde batetik, «testu erraza iruditu zitzaidan irakurtzeko, baina toles eta sakonunez betea, eta oreka horri eutsi nahi nion». Liburuan oin-ohar ugari dago eta horrek itzulpenaren jarioa eten dio, iturrietara jo behar zuelako eta sarri irakurketa horietan galtzen zelako. «Ariketa interesgarria izan zen hori ere».

Terminologia kontuak ere egon ziren. Izenburua bera. «Zenbait aukera genituen: bortxa, bortizkeria, biolentzia bera. Baina itzulpena hautatzea da».

Mario Zubiaga Garate hitzaurrearen egilea unibertsitatean klasea ematetik iritsi zen topaketara eta, hain justu, liburuan lantzen den biolentzia eta politikaren arteko harremanaren inguruko gogoetak ibili zituzten. «Ez da eztabaida akademikoa, gure herrian are gutxiago, baina alde akademikoa badu».

Susmoa du, «inoiz aldendu ez bada ere», berriz ere agendan lehenengo gaien artean kokatu dela indarkeria.

Politikotasuna kolonizatzen

Zubiagak aunitz maite du Arendt eta haren lana politikotasunaren aldarrikapen sakona iruditzen zaio. Azaldu duenez, politikotasunaren muina, zauri sendaezin hori, leku ezberdinetatik saiatzen gara kolonizatzen: teknologiatik, alderdi juridikotik eta moraletik.

«Polis eta polemos dauzkagu elkartuta, baina beti tentsioan: polis, Arendtek betidanik defendatu izan duena, elkarrekin aritzea da, eta polemos, biolentzia, pertsona bakarrak egin dezakeena. Polis, boterearen lekua da eta ez dago gauza arruntagorik boterearen eta biolentziaren nahasketa baino. Hori da politikotasunaren muina, elkarrekin daudela beti, baina horrek ez du suposatzen bat egiten dutenik», argitu zuen.

«Bien arteko tentsio horietan sortzen diren momentuak dira interesgarrienak». Arendten iritziz, biolentzia justifikatu daiteke. Iraultzatik eta askapenetik askatasunera doan bidean, askapena eta iraultza uneak biolentoak izan daitezke, baina askatasuna ez da inoiz oinarrituko biolentzian. Hor «gure errealitate historiko luzea ulertzeko tresneria» ikusten du Zubiagak.