Surflari ernegatua

Izendegi berria

Euskal Herriko hondartzen izenak finkatu ditu Euskaltzaindiak, halako batean. Surflarientzat berandu iritsi da izendegi ofiziala, baina iritsi da. Jada 2013ko abenduan GARAk argitaratu zuen Euskal Herriko Surf Gidan argitaratu genuen zerrenda hartatik ezer gutxi aldatu dela ikusi dut, eta, Euskaltzaindiaren zerrendan desberdin agertzen diren izenekin alderatuta, kasu gehienetan aldaketa txikiak izan dira. Adibidez, guk “Kai Zahar” deitzen genuen hondartza Euskaltzaindiak “Portu Zahar” deitzen du. Surf gida egin genuenean izendegi hori eskura izan bagenu ehunka lan ordu aurreztuko genituzke, eta, gainera, ezarritako izenek onarpen ofiziala izango lukete eta zenbaitek ez liguke izenak asmatu genituela leporatu ahal izango.

Zarauzko Surf Eskolak 22 urtez euskara eta surfa uztartzeko egin zuen lanetako bat izan zen lekuak euskaraz izendatzea, baita surf munduan euskarazko hitzak txertatzen saiatzea ere. Ez zen lan erraza izan; guk hitz bat proposatzen genuen, baina gainontzeko eragileak inoiz ez ziren ados, batez ere hitz hori onartzearekin protagonismoa guri ematen zigutela uste zutelako. Tristea da, baina hala da. Jende batek ez du ulertzen batzuek euskara ez dugula bizitzeko bitarteko gisa erabiltzen, ez garela euskarari esker bizi, euskararentzat baizik, eta euskaldunak garelako egite dugula egiten duguna.

Orduan, guk besteei hitzak proposatu eta adosteko eskatzen genien, guri berdin baitzitzaigun hitz bat edo bestea erabili; guk nahi genuena surf ikastaroak euskaraz eman ahal izatea zen, eta erabiltzen genituen hitzak gainontzeko surf eskoletan erabiltzen ziren bermea izatea. Egia esan, nahiago genuen gainontzeko eskolek proposatutako hitzak erabiltzea, baina ez genuen ordezko proposamenik jasotzen, beraz “gureak” erabiltzen genituen.

Kakotx artean diot “gureak”, izan ere, egiaz, gure ikasleek, arrantzaleek eta inguruko surflariek erabiltzen zituzten hitzak bildu baino ez genuen egin, eta erabili egiten genituen. Surflari askok jo izan dit adarra erabiltzen genituen hitz batzuk barregarriak zirela iritzi ziotelako, eta egia da, hastapenetan hitz berri bat erabiltzen hasten zarenean arraroa da, lotsa ere ematen du batzuetan, baina denborarekin arrunt bilakatzen da eta bere erabilera hedatzen hasten da.

Hor dago gakoa, erabileran. Nik surf gida egiteko sekulako lana hartu nuen arren eta leku batzuk beste modu batera izendatuak izatea gustatuko litzaidakeen arren, Euskaltzaindiaren izendegia hartuko dut aurrerantzean erreferentzia moduan, guztiok izen berak erabil ditzagun, eta, batez ere, tokiak euskaraz izenda ditzagun. Surflari gehienek leku izen batzuk espainolez edo frantsesez izendatzen dituzte. Hori ez da aldatuko, espainolak, frantsesak, “espainolduak” eta “frantsestuak” gehiengoa baitira surflarien komunitatean, baina aurrerantzean inork ezingo dit esan leku baten izena nik asmatu dudala berau euskaraz izendatzen dudanean, surflari ernegatuak ez, baina Euskaltzaindiak horretarako legitimitatea aspaldi irabazi baitzuen. Beraz, berandu, baina iritsi da euskal kostaldeko izendegia. Orain erabiltzea falta da.