Maite UBIRIA BEAUMONT
BIARRITZ

Biarritzeko aireportuak lanpostuak murriztu ditu krisi planaren baitan

Biarritzeko aireportuak bortizki pairatu ditu covid-19aren pandemiak eragindako albo-kalteak. Iaz %68 apaldu zen bidaiarien trafikoa. Orain, instalazioak hobetzeko egitekoak ziren inbertsioak atzeratzea eta hamarnaka lanposturen desagerraraztea aurreikusten dituen krisi plana martxan jarri du azpiegiturak.

Azken urteotan antzematen zen hegaldien trafikoaren moteltze joerari covid-19ak eragindako krisia gehitu zitzaion iaz. Bada, atzo Biarritz-Pays Basque aireportuko kudeatzaileek aurkezturiko bilanak modu gordinean erakusten du osasun krisiak azpiegitura horren kontuetan utzitako zuloa.

3,2 milioi euroko defizitarekin itxi zuen 2020. urtea Lapurdiko aireportuak. Larrialdi egoerari aurre egiteko laguntzei esker, finean, diru galera 1,2 milioikoa izan zen. Hala eta guztiz ere, azpiegituraren zorpetze maila 12,2 milioitik 15,8 milioira igaro zen urte amaieran.

Orotara, 383.366 bidaiarik baliatu zuten iaz Biarritzeko aireportua. 2018ko bilanarekin alderatura (1.066.204 bidaiari), %68 apaldu zen trafikoa. 2019an %9 erori zen jada bidaiari kopurua, aurreko urtearekin konparatuz.

Egoera horretan aireportuko instalazioak hobetzeko aurreikusita zegoen egitasmoa gibelatu eta horren ordez murrizketa plana hobetsi du Lapurdiko aerodromoak.

Sindikatu misto bat gidari

Lau lurralde erakundek, hala nola, Euskal Elkargoak (%31,25eko parte hartzea du), Pirinio Atlantikoetako departamenduak (%31,25), Akitania Berriko eskualdeak (%25) eta Landetako departamenduak (%12,50), osatzen dute aireportuaren sindikatu misto edo batzorde kudeatzailea. Jarduera industrialak eta komertzialak aurrera eramaten dituen egitura publiko gisa ezaugarriturik, aireportua enpresa pribatu bezala kudeatzen da. Edozein enpresari dagozkion finantza arau berdinak bete behar ditu eta bere plantilla behargin pribatuen estatusa duten langileek osatzen dute.

Finantza mailan autonomoa izanik ere, molde juridiko horri esker dirulaguntza publikoak eskura ditzake aireportuak. Hala gertatu da, hain zuzen, covid-19a iritsi denean.

Frantziar Gobernuak aeronautikaren sektoreari emandako laguntzetatik dagokion partea eskuratzeaz gain, 2,5 milioi euro jaso zituen aireportuak Patrick Chasseriaud buru duen azpiegituraren kudeatzaile den sindikatu mistoaren eskutik. Laguntza berezi horri esker bere defizit maila kontrolpean atxiki zuen urte amaieran.

Hala ere, krisiak eragin bikoitza izan du, bai inbertsioen atalean bai lanpostuei dagokienez ere. 2020tik 2025era bitartean 27,3 milioi inbertitzea aurreikusten zuen Biarritzeko aerodromoak. Baina oraingoz 16 milioi baizik ez ditu erabiliko hobekuntzak egiteko. Era berean, lanpostu galera izanen da. Iaz bederatzi langile kanporatu zituzten, nahiz eta plantilla murrizteko beste neurriak hartu, hala nola erretretak aurreratuz. 2019an 70 lanpostu baziren aireportuan, urte honen bukaeran 54 langile baizik ez gelditzea aurreikusten du zuzendaritzak.