GARA

Donostia ixtea ekarri du pandemiak: 480ko intzidentzia

Aurreikus zitekeen bezala, covid-19aren pandemiaren bilakaera txarragatik ezarritako murrizketak Donostian ere aplikatuko dira. Gipuzkoako hiriburuak 480 kasu izan ditu ehun mila biztanleko azken hamalau egunetan. Bizkaian ere (419) itxitura perimetrala sartuko da indarrean.

Donostia muga berriak ezartzeko marra gorria markatzen duten 400 kasuko intzidentziatik oso gora geratu da, EAEko beste bi hiriburuekin eta udalerri askorekin gertatzen den bezala. Beraz, Lakuako Gobernuko ebazpenaren arabera, Donostian udalerriaren perimetroa itxiko da, eta ostalaritzaren barnealdeak ordutegi mugatuagoa izango du bihartik aurrera.

Bilbon tasa 553 kasukoa da eta, Gasteizen, 463koa. EAEko hiru lurraldeek ere 400eko intzidentzia baino handiagoa dute; hortaz, Bizkaiak bat egiten du Araban eta Gipuzkoan indarrean dagoen perimetro-itxierarekin. Nafarroa ere ez da 400etik jaisten, nahiz eta herrialde honetan eguneroko kasuen kopuruak behera egin duen motel baina etengabe, asteburuaren eraginez argazkia oraindik ere apur bat desitxuratuta dagoen arren.

Autokritikarik gabe

Gotzone Sagardui Lakuako Osasun sailburuak egoera «kezkagarria» dela onartu zuen atzo Onda Vasca irrati katean egin zioten elkarrizketan; izan ere, kutsatzeko joerak «gorantz» jarraitzen baitu eta egungo osasun egoera «tentsionatuta» baitago.

«Adierazleek jaitsiera txikiak erakusten dituzte; baina oraindik oso txikiak dira, joera alda litekeela esateko», ohartarazi zuen, LABIren batzorde teknikoaren koordinatzaile Jonan Fernandezek Aste Santuaren ostean egindako iragarpena zuzenduz.

«Igoera berri honetan ospitaleratzeen kopurua beste batzuetan baino handiagoa da, eta ZIUetako okupazio-maila %43koa da; horietatik, covidak eragindakoak %53 baino gehiago dira. Tentsio handiko egoera da, baina Osakidetzak arreta bermatzen jarraitzen du», adierazi zuen Sagarduik.

Osasun sistemaren gaitasunari buruz galdetuta, sailburuak esan zuen guztira 335 ohe daudela okupatuta –erabiltzerik izango liratekeen 600 ohetatik 335–, eta horrek pentsarazi behar duela EAEk «osasun zerbitzu handia duela eta arreta bermatuta dagoela, nahiz eta egoera serioa izan».

Guztira, 772 kasu berri erregistratu ziren atzo Hego Euskal Herrian. Bezperan baino 142 gutxiago dira, baina test kopurua jaitsi delako. 8.624 egin ziren; hortaz, %8,95ekoa da positibotasuna, sei hamarren gehiago.

Nabarmentzekoa da Gipuzkoako egoera, intzidentzia-tasak ez baitu etenik: ostiralean, 602 kasu zeuden 100.000 pertsonako azken 14 egunak kontuan izanik; larunbatean, 626; eta igandean, 635. Araban nolabaiteko egonkortasuna lortu da (437, 440 eta 437, hurrenez hurren); Bizkaian, berriz, igoera txikia izan da asteburuan (407, 418 eta 419). Aste Santua baino lehen murrizketak martxan jarri zituen Nafarroak bakarrik hasi du beherakada txikia. Azken herrialde horretan, txertoaren bi dosi hartuta erabat immunizatutako pertsonen kopuruak gainditu egingo du gaur gaixotasuna hartu eta Osasunbidean erregistratuta geratu direnen kopurua. Atzo 57.771 covid kasu zeuden baieztatuta, eta 55.666 pertsona txerto-pauta osoarekin.