Iker GURRUTXAGA

Indartsu dator Ameba taldea, «Elikatuz» estreinako diskoarekin

Zazpi kantu mardulez osatutako disko indartsua kaleratu du Ameba talde usurbildarrak. Bertsio emanaldi baterako elkartu ziren, eta, ustekabean, lehen lana kaleratu dute jada eta egurra eman asmoz direla kontatu digute. Hartu eta emateari garrantzia eman diote diskoaren tituluarekin: «Elikatuz». Malen eta Jon Mikel Azpiazu anai-arrebek kontatu digutenez, «emakumeen eta gazteen ikuspegitik egindako kantuak dira, taldea bera ere gaztea delako».

Sentsualitatearekin eta indarrarekin jokatzen du diskoan eta frontwoman indartsua dela erakutsi du estreinako diskoan Malen Azpiazu Ameba taldeko abeslariak. «Emakumeen eta gazteen ikuspegitik egindako kantuak dira, taldea bera ere gaztea delako», kontatu digute Malen eta Jon Mikel Azpiazu anai-arrebek. Taldea Aritz Zabaletak eta Enara Eizagirrek osatzen dute. Musika munduan «nolabaiteko seriotasunarekin» hasiberriak dira eta, Malenen jarrera rockero punk horrek «jendea harritzen» duenez, aldarrikapen hori ere egin nahi dute, gazteak direla alegia.

Bertsio emanaldi baterako elkartu ziren lehenengo aldiz, intentzio berezirik gabe. Liher taldearen bertsioak egin zituzten. Hilabete batzuk geroago, talde moduan hasi eta oholtza handian lehen kontzertua Liher taldearekin batera izan zuten, Usurbilgo jaietan. Lokaletik zuzenean ekipo handi batekin jotzera pasatu ziren, «nerbioz josita» oholtza handi batera salto eginez. «Konfinamendutik atera eta orduan iritsi zitzaigun proposamena, eta orduan oraindik ia ezer sortu gabe genuen. Bi aldiz pentsatu gabe uretan murgil egin eta egurra eman genion sorkuntzari. Malen ikusita jendeak espero zuen zerbait gozoa izango zela eskainiko genuena eta emankizuna ikustean jendea harrituta geratu zen genuen indarrarekin», azaldu digute.

Rocka, power-popa eta stonerra bezalako generoak jorratu dituzte, baina atentzioa ematen du, lehen lana izateko eta talde hasiberria izanda, bost minutu inguruko kantuz osatutako lana dela. Iraupen luzeko kantuz osatutako diskoa, alegia. «Horrela atera zitzaigun eta baten bat laburtu ere egin behar izan genuen, zazpi minuturaino joan zitzaigulako! Proiektua hasi berria denean ideia denak sartu nahi izaten dituzu kantuetan eta erabaki genuen kantu bakoitza ateratzen zen moduan, laburtzen eta ibili gabe, bere horretan uztea», esan digute.

Rock klasikoko edota stoner musikako taldeak entzuten dituzte orokorrean taldekideek, baina Malenek Liher eta Miley Cyrus aipatu dizkigu erreferente moduan. Askotan alderatzen dute Lide Hernandoren ahotsarekin eta kalean ere esan izan diote Liher entzutean Ameba entzun dutela. «Niretzako piropo bat da alderaketa, egia esanda, baina desberdinak garela esan nahi dugu», dio Azpiazuk.

Garate estudioan grabatu dute diskoa Martxel Arkarazorekin eta, «soinu garajeroa» duen arren, «xehetasunez josita dago». Garaten egon zireneko esperientzia sekulakoa izan zen, askorentzat lehen aldia zelako halako estudio batean lan egiten zutena: «Zortzi egun eman genituen bertan eta egun askotan bertan egiten genuen lo. Bisita asko jaso genituen eta lana egiten pozarren ibili ginen. Itxialdi moduko bat izan zen, baina udalekuak balira bezala; paradisuko konfinamendua zen hura eta maleta egin eta herrira jaisteak pena eman zigun».

Bideoklip bat ere egin dute, “Gabon” kantuarekin. Haitzulo ekoiztetxekoak, Iñaki Gartziandia eta Jon Altuna, arduratu dira ikus-entzunekoaz. «Lehengusuak dira beren artean eta sekulako ideiak dituzte. Batetik bestera eramaten gintuzten, toki zelebreetan sartzen ginen grabatzeko eta ez genekien zer atera behar zuen hainbeste hartualdi egin ostean. Emaitza benetan txukuna da eta artista hauen lanarekin pozik gaude. Baita Sara Etxeberriak egin duen diseinuarekin ere; ikusten ez diren ordu pila sartu ditu eta ezin daiteke pentsatu zenbateko lana duen diskoaren azalak eta diseinuak», azpimarratu dute. «Usurbilgo Aitzaga tabernak ere diruz lagundu gaitu eta benetan eskertuta gaude, espero gabe eta eskatu gabe iritsi zitzaigun laguntza izan zelako», gaineratu dute Azpiazutarrek.

Elkar elikatuz

“Ameba” kantuan aipatzen dituzte taldearen zein diskoaren izena: «Askotan izenak jartzen dira eta gero pentsatzen da zergatia. Batek gogoan zuen natur zientzietako klase batean entzun zuela ‘ameba’ hitza eta, belarrira ondo eman zigunez, izen hori jarri genion taldeari. Zergatia gero asmatuko genuela erabaki genuen. Eta ‘elikatuz’ ere antzerako zerbaiten ondorioz sortu zen. Herriko gazte dinamika baten ondorioz sortu zen taldea eta mugimendu horrek elikatu gaituela esan nahi dugu. Bigarren zentzu bat ere badu, orain mugimendu horri elikagaia eman nahi diogula zehazki», azaldu dute musikariek.

Kontzertuetan eta sare sozialetan ez ezik, hainbat tabernetan ere badago salgai “Elikatuz”. Bandcamp orrialdea martxan jartzekotan ere badira. «Buruntzaldean azken urte honetan gazte sortzaileen proiektu bat sortu da eta web orrialde bat sortu dugu; gazteen artean sustatu da dinamika. Pozik gaude horrekin ere eta jendeak aditzera izan dezan nahiko genuke». Ilusioz eta lanerako gogoz datoz, beraz, Ameba taldekoak.